GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
UNAI MADARIAGA
Ezezez taldearen sortzailea eta musikaria

«Nire burua euskarara bideratu nuen, estiloa topatu eta pozik geratu naiz»

Erritmo jostariz beteta dator ‘‘Katuzaldia’’ diskoa, Ezezez taldearen bigarrena, eta aldaketa dezente dakartzala esan daiteke. Sekulako erritmoa daramate Unaia Madariaga eta konpainiak; Unai bera hasi zen guztiak kateatzen; Eneko Ajangiz lehendabizi eta Mikel Irigoien eta Alvaro Olaetxea batu zituen gero proiektura.

(Iyán ALTUBE)

Aldaketa nagusi bi daude disko batetik bestera lehen bistan. Bata, izenburu laburra aukeratu duzuela eta, bestea, erabat euskaraz egin duzuela. Zein unetan erabaki zenuten ingelesa utzi eta euskarara pasatzea?

Oso natural gertatu da aldaketa. Letrak nik idazten ditut, ni hasi nintzen euskaraz idazten eta denak ados egon dira. Hasieran ingelesez idazteak beste askatasun bat ematen dizu nahi duzunari buruz hitz egiteko, eta, gainera, ingelesez entzun izan dut ia musika guztia. Baina nire burua euskarara bideratu nuen, nire estiloa topatu nahi izan dut eta oso pozik geratu naiz atera zaidan horrekin.

Berriz ere Eneko izan da konplizerik handiena edota talde gisa gehiago funtzionatu duzue sortzerakoan?

Talde moduan lan gehiago egin dugu, baina batez ere Eneko da makineria guztia martxan jartzen duena ekoizpenerako.

The Strokesen mundua ikusten dut lehen abestian, Placebo pixka bat ere bai. Erreferenteak asko aldatu dira disko honi begira edota besterik gabe inkontzienteki landu duzue?

Ez nuke esango aldatu direnik, baizik eta berriak daudela esango nuke. Orain ez gaude bi bakarrik lanean, lau gara. Aurreko diskoan, batez ere, nire erreferenteak izan ditugu presente. Oraingoan Mikelek riff berri bat ekarri du edota Alvarok erritmoren bat, eta horietan haien erreferenteak daude. Nabaritu daiteke bide hori edota ideien zabalkuntza hori kantuetan.

«Dutxita» kantua NAIZ Irratiaren uhinetan aurkeztu zenuten. Orain, disko osoa entzunda, diskoan hartzen duen pausa, zer nolako ekoizpena duen eta xehetasun gehiagoz jabetu gaitezke. Baina, batez ere, esan beharra dago zeinen maitasun abesti bitxia sortu duzuen.

Guztiz maitasunari lotutako kantua da, bai. Maitasun abesti bat egin nahi nuen, baina ez ñoñoa. Hortaz, dutxan denbora pasatzearen ideia hori etorri zitzaidan, edota irten, zikindu eta berriz ere itzultzearena.

Baxuak ere halako marrazki polit bat egiten du. Bakoitzak bere esparruan esperimentazio tarte zabala hartu duela iruditu zait lan honetan, ezta?

Guztiz. Eta abesti honek hori ondo islatzen du hori. Zenbat eta gehiago entzun, orduan eta gauza gehiago entzuten dituzu, elementu oso txikiak dituelako eta kantuan sartu arte akaso ez zarelako ohartzen. Abesti hau Mikelen gitarra-riff batetik abiatu zen eta baxua nik hartu nuen. Kontua da nik ez dakidala baxua jotzen, trasteak oso handiak egiten zaizkit eta sokak oso lodiak; hortaz, oso nota altuan eta sokarik meheena joz sortu zen hau. Enekok teklatuak jo zituen eta hogei minutuan sortu zen hau guztia.

Eraikuntza lanak ere egin behar izan dituzue abestietan eta horren adibide garbia iruditzen zait «Marmitako».

Hau kristo bat izan zen. Lehenengo elementua alarma soinua egiten duen gitarra hori izan zen. Entseatzen ari ginela egin nuen soinu bat izan zen hori; abestien artean gitarrarekin soinu hori egin eta zerbait zegoela ikusi genuen. Asteak eman genituen ideia horri bueltaka. Egitura bat bilatzea zen zaila eta melodia bat sortzea ere bai, erritmoa segituan sartu baitzion Alvarok.

Letrari dagokionez, gizon molde zaharkituei eginiko kritika bat izan daiteke, baina akaso justu kontrakoa den munduan zabiltza eta norbait nabarmendu nahi izan duzu.

Polita da diozun ideia hori. Etorri zen lehen hitza ‘marmitako’ bera izan zen eta gero ‘txipiroi’ etorri zen. Gauza da nik zentzua eman behar niola gero horri guztiari eta nire amama etorri zitzaidala burura. Amamarekin daukadan erlazioa oso kalekoa da, beti brometan gabiltza, oso erlazio polita da. Berak esaten dizkidan kontuak dira bizarra moztearena, ‘kotxino’ nagoela, txukun janzteko eta abar luze hori. Behartuta sartuta dauden kontuak dira akaso, baina niretzat zentzua daukate.

Erritmo frenetikoa duen kantua da «Zikin». Horretan, aldiz, bai ez dut inondik inora asmatzen zein den transmititu nahi duzuen mezua.

Kontu erdi abstraktuak dira nahiz eta niretzat zentzua baduten. Idazten dudanean pertsonaia baten ideia izaten dut buruan. Hemen tabernan egunero egoten den eta dena dakien horri, beti berari kasu egiteko beharra sentitzen duen horri, idatzitako kantua da. Baina, aldi berean, kontatu nahi izan dut oso erraza dela zu zeu pertsonaia hori bihurtzea. Ni neu konturatu naiz pertsona hori bihur naitekeela eta hori guztiz aldatu nahi izan dut. Libre izan, baina ez eman turrada besteei. Hala ere, enpatia puntu bat ere badago, ni pertsona horri aldatzen laguntzeko prest agertzen naizelako, nahiz eta nitaz aprobetxatzen ez diodan utziko. Hori da ideia nagusia.

Nola grabatu duzue, denek elkarrekin edo zatika?

Bada, abestiaren arabera. Abestiren batean dena zuzenean grabatu dugu, energia hori batzeko diskoan. Bakarka hainbeste ez, akaso baxua eta bateria elkarrekin eta gero gitarrak beste alde batetik ere grabatu ditugu. Enekok nire gitarra batzuk grabatu ditu, abesti batzuk klaketarekin eta besteak ez… kaotiko samarra izan da, denetarik egon da.

Eta gero lanean jarraitu behar, grabatu ostean.

Bai, postprodukzioa nahiko lan latza izan da. Enekori gauzak oso txukun egitea gustatzen zaio eta prozesu oso luzea izan da postprodukzioarena.

Atzetik, ordea, beste buruhauste bat ere sortzen da. Nola eraman hau guztia zuzenekoetara?

Noski, eta hortxe gaude oraintxe, ikertzen hori nola egin. Durangoko Ahotseneko kontzertua hirugarrena izan zen eta uste genuen baino hobeto joan zen hura. Bada prozesu arraro bat, diskoan entzuten denarekin zenbateraino izan fidela, edo zenbateraino ez dizun ardura aldaketa horrek… Lau gara eta denon artean ipini behar gara hor ados. Baina nahikoa pozik gaude hor, dena fintzeko bide horretan gaude, setlist-ak prestatzen ere bai… baina txukun ari gara.

Disfrutatzen zabiltza, baina Unaik hain denbora gutxian horrelako bidea egingo zuenik imajinatzen zuen? Hiru disko, kamisetak alde guztietan ikusten dira, Durangoko Azokan stand propioa…

Keba, nik ere askotan flipatu egiten dut. Lehen diskoa ateratzearen helburua gordeta nituen kantak gainetik kentzea zen. Entzun zitzala nahi zuenak eta ez baditu inork entzuten, niri bost. Eta orain hemen gaude, hiru disko hiru urtean, bakarkako bigarren diskoa ere dagoeneko prest daukat, baina kaleratze datarik gabe, beste mila abesti ere badaude sortuta… dena oso frenetikoa da.

Egun garrantzitsuak datoz, kontzertuak gainean dituzue.

Abendu bukaeran Bilborocken izan gara; urtarrilaren 5ean, Miranda de Ebron, eta, gero, Txopet taldearekin ere Bakion eta Gijonen ere izango gara. Otsailean, Gasteizko Jimmy Jazzen, Arrasateko gaztetxean eta Bermeon ere baditugu kontzertuak. Eta gehiago ere etorriko dira.

Beat-a, erritmoa, oro har asko aldatzen zen sorkuntza prozesuan?

Ez beti. Lehen abestietan bai, baina Baztanen, adibidez, patroi bat osorik eginda dago. Baina hurrengo abestietarako lan handia egina zegoenez, berriz aprobetxatzen genituen. Hortaz, abesti batek bestea azpikontratatu du.

Kantuak bukleka sortzen dituzu?

Bai, lehenengo A buklea egin eta gero B buklea eta bat egin dezatela. Ez dut egiten zati bat sortu eta gero beste bat oso desberdina eta lotzen saiatzearen ahalegina. Sormenak kurba bat egiten du; hasieran oso azkar etortzen dira emaitzak eta gero apaltzen joaten da, sormenaren iturria ere agortu egiten delako. Izan daiteke oinarri bat sortzen 30 minutu soilik egotea eta gorde behar izatea. Hori bai, oinarri horren gainean orduak egon naiteke abestia janzten edo apaintzen.

Ableton programa erabiltzen duzula aipatu duzu; geruza askoko proiektuak dira?

Abestiaren arabera, eta gehien ‘Elektrik haiz’ kantuan daudela esango nuke. Izan ere, abesti bat asko garbitu behar izaten da soinuak definituta gera daitezen, baina hasierako kantua da hau eta teklatuetan soinu desberdinak bilatuz 10 geruza ere egon daitezke.

«Elektrik haiz» aipatu duzula, bertan Rolling Stones taldearen «Satisfaction» eta dance musika elektronikoa nahastu dituzula esan daiteke?

Ez dut modu kontzientean egin eta pozten nau hori entzun izanak, egiten ditudan gauzak zerbaitegatik sortzen direla ohartzen naizelako. Zazkel-ekin gertatu zitzaidan The Cure entzuten pasa nuelako denbora luze bat, adibidez. Jamiroquairen ‘Love philophy’ abestiaren estruktura kopiatuta nuela ere jabetu naiz, konturatu gabe. Eta hori beti gertatzen da, sormenean guk ezagutzen dugunetik sortzen dugulako produktu berria. Zea Mays taldearen ‘Kukutza III’ kantuko gitarra, adibidez, The Killers taldearen ‘The Reasons I Know’ taldearen bera da, tonua eta abar aldatuta. Eta hori sekulakoa iruditzen zait, baliabideak erabiltzeko daudelako. Picassok esaten zuen artista onek kopiatu egiten zutela eta jenioek lapurtu.

Masterizatu zuk egin duzu?

Iluntasunean galduta ibili naiz. Konparaketa etengabean ibili naiz. Esaterako, erdiko frekuentzia asko nituen eta horiek jaitsi egin behar ziren, konpresioak sartu eta abar. Baxuetan, esaterako, sekulako indarrarekin entzuten diren abestiekin flipatzen nuen, ez zutelako pikorik sortzen eta nik indar laurdenarekin dena gorri-gorri nuelako VU-metroetan. Ez nuen ulertzen. Kopiatzen ikasi dut gehien, oso zaila baita dena garbi eta ozen entzutea, baina nahasi gabe eta saturaziorik gabe.