Jon GARMENDIA
Idazlea

Premua

Gaztetan ez bezala, eskelei begirada luzatzeko ohitura daukat, nor joan den jakiteko, eta agian, nor eta zer utzi duen imajina dezadan, maitatuak zein herentziak. Gudaroste errepublikanoarekin faxisten aurka aritu zelako kuttun dudan Andre Malraux idazle frantsesaren «heriotzak duen erabilgarritasun bakarra bizitzaren balioaz pentsatzen laguntzea da» maite dut nik ere.

«Pobreak baizik ez dira diruaz akordatzen» esaten zigun aitak, eta azken bolada luzean nahiko presente ukaiten dut esaldi hau. Plumaiene baserriko Martin ahantzi samar ikusten dut halere, beharrik Pantxoa eta Peiok ekarri zigutela lehen lerrora beren “Galerianoaren kantua”-rekin, «Mila zortzi ehun eta hamaborzgarrena, Ni Hazparnen preso hartu nindutena; Plumaieneko premu orok dakitena, Galeretan higatu beharko naizena», bestela Sarrionandiak idatzi eta Ruperren ahotik entzundako «Martin Larralde ez da sekula itzuli, baina itzuli izan balitz…» kostata ulertuko baikenuen.

1782ko urtarrilaren 7an sortu zen Martin, Guillaume eta Marieren premua, baina aitari bere dotea galdeturik, traizionatua eta zoritxarrera kondenatua izan zen. Euskaldunok haren berri ba ote dugun, gertutasunak gerturatu ote duen historia, edo halakoetarik urrundu egin ote garen, urruntzen ari garen, eskelei begira horrekin lotu zait pentsamendua.

Metafora bat bailitzan hau dena, gure herriarena eta bere historiarena.