JAN. 09 2024 KOLABORAZIOA Txillardegiren oinordekoak Luken ETXABE eta Intza GURRUTXAGA Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak Orain bi hilabete pasatxo bete ditu Euskal Herrian Euskaraz eragileak 44 urte. Zehazki, 1979ko azaroaren 4an aurkeztu zuten eragilea Durangon. Orduz geroztik, garaiak eta egiteko moduak nahiz estrategiak aldatu badira ere, EHEren helburuak bere horretan dirau: Euskal Herri euskalduna eraikitzea. Eragilearen hasieretara so eginez gero, aipatu gabe utzi ezin den pertsonaia da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (1929-2012), bera baita EHE sortu izanaren erantzuleetako bat. Esan genezake, beraz, gu, nolabait, Txillardegiren oinordekoak garela. Izan ere, orain lau hamarkada pasatxo EHE sortu izan ez balitz, gaur ez ginateke artikulu hau EHEko kide modura idazten ariko, ezta EHEn Euskal Errepublika eraikitzeko eginahalean jardungo ere. EHEz gain, Txillardegik ekarpen ugari egin dizkio euskal gizarteari. XX. mendeko pentsalari eta idazle garrantzitsuenetariko bat da eta gaztetatik egon zen euskararen aldeko borrokara engaiatuta. Hizkuntza naziotasunaren erdigunean jarri eta euskaltzaletasuna ulertzeko modu berriak mahaigaineratu zituen, esentzialismotik aldenduz. Berak esana da, hala nola euskalduna ez dela euskaldun jaiotzen dena, hautu baten bitartez euskaldun izatea erabakitzen duena baizik. Hala, Txillardegik argudio, hausnarketa eta tresna desberdinak utzi dizkigu berreuskalduntze prozesuan aurrera egin ahal izateko. Hamarkadaz hamarkada, sendoago edo ahulago, EHEk Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidean erein ditu bere haziak. Egun, egoera makurrago batetik errekuperatzen eta indarberritze fase batean sartuta gaudela esan genezake. Pandemia garaian egindako Astindu hausnarketa prozesuaren bitartez, eragilearen hainbat puntu berrikusi eta egungo testuingurura egokitzeko neurriak hartu dira eta orain, belaunaldi gazte batek hartu dugu EHEren lekukoa, hain justu, bertan erabakitakoak praktikan jartzeko asmotan. Nora goazen jakiteko, ordea, ezinbestekoa da nondik gatozen jakitea. Horregatik, euskararen alde egindako lan eskergagatik, Txillardegiri zor zaion aitortza egitea dagokigu. Hala, alde batetik, geure egiten dugu Donostiako Udaleko Udal Liburutegi Zentralari “Txillardegi” izena jartzeko Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak urteetan zehar egindako eskaera. Bestetik, datorren urtarrilaren 14an beteko dira hamabi urte Txillardegi hil zela eta hura oroitzeko urteurren ekitaldian parte hartuko dugu. 12.00etan hasita, Donostiako Antigua auzoko Txillardegi plazan (Gaskuina plaza) izango da; beraz, plazer baduzue, bertan ikusiko dugu elkar. Nora goazen jakiteko, ordea, ezinbestekoa da nondik gatozen jakitea. Horregatik, euskararen alde egindako lan eskergagatik, Txillardegiri zor zaion aitortza egitea dagokigu