GARA
DONOSTIA

Donostiako udaltzain postuen harira, beste epai bat euskarari

Donostiako Udalean postu batzuk egonkortzeko egin zen prozesu baten gainean hiriko Auzien hirugarren zenbakiko Epaitegiak euskararen aurka ebatzi du. Orain, berez, Udalari dagokio helegitea aurkeztea, lehen instantzian delako epaia. GARAk eskuratu du sententzia.

Kontseiluak eta Aiaraldeko euskalgintzak abenduan Laudion egindako elkarretaratzea.
Kontseiluak eta Aiaraldeko euskalgintzak abenduan Laudion egindako elkarretaratzea. (Raul BOGAJO | FOKU)

2024a estreinatu dugu, baina zaharrak berri euskararen aurkako oldarraldi judizialean. Laudioko Udaleko lanpostu batean euskararen eskakizuna atzera bota eta egun gutxira, beste kapitulu bat idatzi du Donostiako Auzien hirugarren zenbakiko Epaitegiak, Gipuzkoako hiriburuan udaltzain izan nahi duen eta eskatzen den euskara mailarik ez duen norbanako batek jarri zuen helegitea aintzat hartuta.

Epaitegiak sententzia bat argitaratu du Donostiako Udalean postu batzuk egonkortzeko egin zen prozesu baten gainean, eta bertan euskararen aurka ebatzi du. Orain, berez, Udalari dagokio helegitea aurkeztea, lehen instantzian delako epaia.

GARAk eskuratu du sententzia. Iragan abenduaren 22ko data du, eta Jose Ignacio Hierro Lage epaileak sinatzen du. Udaltzain izan nahi duen norbanako batek helegitea jarri zuen, eskatzen zen euskara mailarik ez zuelako. Eta epaiak errekurtso hori babestu du. 2022ko abenduan Donostiako Udal Gobernuak onartutako akordio baten kontra doa. Bertan, udaltzain postu batzuk egonkortzeko prozesu bat deitzeko oinarriak ezartzen ziren, eta horien artean zegoen udaltzain horiei euskarazko B2 maila eskatzea.

«HIZKUNTZAGATIKO DISKRIMINAZIOA» ARGUDIO

Helegitea jartzeko espainiar Konstituzioaren 14. eta 23.2. artikuluei eutsi zien udaltzain izan nahi duen norbanakoak, defendatuz «kargu publikoetara baldintza berdinetan iristeko oinarrizko eskubidea urratzen duela» euskararen ezagutza eskatzeak, eta hori «hizkuntzagatiko diskriminazioa» dela baieztatuz.

Epaileak Konstituzioaren 14. artikulua aipatzen du eta azaltzen du horren arabera «debekatua dagoela Espainiaren parte den lurralde batean koofiziala den hizkuntza bat ez jakiteagatik inor diskriminatzea. Gaztelania, ordea, derrigorrez jakin behar da, Konstituzioaren 3.1 artikulua aplikatuta. Euskararekin ez da hala gertatzen, EAEko hizkuntza koofiziala izanik, ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea baitute herritarrek, baina ez ezagutzeko obligazioa».

HERRITARREI EUSKARAZKO ARRETA EMATEKO

Epaiak eransten du Donostiako Udalak ez zuela errekurtsoa onartu, udaltzain postu horietarako egindako deialdia eta bertako hizkuntza irizpideak zuzenbidezkoak direla uste duelako.

Euskarazko bigarren hizkuntza-eskakizuna eskatzea aurreikusia zegoela aipatu zuen Udalak, besteak beste, lan eskaintza publikoan. Bestalde, instituzio honen arabera, euskararen ezagutza eskatzea justifikatua dago herritarrei arreta euskaraz eskaintzeko modua ematen duelako, espainiar Konstituzioak aipatzen dituen kargu publikoen meritu eta gaitasun printzipioen ildotik. Epaileak norbanakoak jarritako helegitea onartu du, eta Donostiako Udalaren udaltzain postu batzuk egonkortzeko deialdiaren oinarria baliogabetu du. Udalari dagokio orain, egoki ikusten badu, helegitea aurkeztea.

Euskararen aurkako oldarraldiari erantzuteko, Kontseiluak manifestazio erraldoia egin zuen Bilbon azaroan. 70.000 lagun elkartu zituen ekimen horren ondotik, Hizkuntza Eskubideak Babesteko Protokoloa aurkeztu zuen.

IRUÑEKO «PLAZA DE LA CONSTITUCIÓN», EUSKARAZ

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusitik ere etorri zen albistea. Ebatzi zuenez, Iruñeko Baluarte pareko “Plaza de la Constitución” errotuluak euskaraz ere joan behar du, “Konstituzio” hitza ez delako izen propioa eta, beraz, itzuli egin behar delako.

Hirugarren aldia da epaileek UPNk plazaren izena gaztelania hutsean mantentzeko emandako argudio bitxia baztertzen dutena.