Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Garuna

Zerbait bada liluragarria eta fantastikoa, hori giza garuna da. Donostiako San Telmo museoak ‘‘Garuna’’ erakusketa zoragarria zabaldu berri du, eta lilura eragiten du artefaktu biologiko horrek.

Ikerketa biologikoetatik alde filosofikoetara, gure pentsamenduen arrazoietan barrena bidaia iniziatikoa eskaintzen digu. Burmuinaren tolesturen garrantzia, eskuineko eta ezkerreko eremuak, sinapsiak, indar elektrikoa, plastikotasuna, zerebeloa,…; hainbat arlo, jardun eta lotura, mundua jasotzeko, bizitza ulertzeko, harremanak izateko, edo hitz hauek idazteko. Lurralde fantastiko batean murgiltzen zarela dirudi.

Ipuinak kontatzerakoan lurralde eta pertsonaia fantastikoetan barrena abiatzen zara entzuleekin batera. Zerk eragiten du, ordea, hori horrela izan dadin? Zergatik kontalari bakoitzak, istorio beraren aurrean, ikuspegi desberdina hartzen du? Zer dela eta ipuin berdina ipuin desberdina bilakatzea kontalarien ahoetan?

Mundu fantastikoak sortzean garuna Rodarik aipatzen zuen lehergailu fantastikoa bilakatzen da. Mundua, jendartea eta, esango nuke, hizkuntza bera begiratzeko modua islatzen da kontakizun bakoitzean. Kontalariaren eta entzulearen arteko harremana sinapsi neuronala ote da?

Kontalariaren plastikotasunak garunaren plastikotasuna erakusten du. Eta hori liluragarria da.