GARA
BASTIDA
Interview
Alain Quintana
Bastidako Lasa Bai-ko zinegotzia

«Herriak irabazten duenean balioko du zentsura mozioak»

EH Bilduk Bastidan zentsura mozioa aurkezteko egindako proposamenak ez du aurrera egingo, momentuz. Quintanak NAIZ Irratiari adierazi dionez, Lasa Bai-k herriaren mesederako lan egin nahi du eta mozioak «ez du inongo asmorik bide horretan».

(LASA BAI)

Asteazkenean kaleratutako oharrean, zentsura mozioaren formula bere horretan baztertu ez arren, EH Bilduren proposamena alde batera utzi du Lasa Bai-k. Koalizio subiranistak PP alkatetzatik kentzeko zentsura mozioa elkarrekin aurkeztea proposatu zien, baina hauek uko egin diote aukerari. Alain Quintana zinegotziak NAIZ Irratiari argitu dionez, jeltzaleengandik aldendutako taldearen asmoa herriaren mesederako lan egitea da eta zentsura mozioaren «mugimenduak ez du inongo asmorik bide horretan».

EH Bilduren proposamena Bastidatik kanpoko estrategia batek bultzatzen du, Quintanaren ustez; zehazki, oraindik datarik ez duten EAEko hauteskundeei begirakoak. Joan den maiatzaren 28ko udal hauteskundeen ostean, EAJ utzi eta Lasa Bai sortu zuten Bastidako zinegotzi jeltzaleek. EAJk Edu Barinaga ETBko zuzendari ohia proposatu zuen alkategai eta, EH Bilduren babesarekin, Udalaren gidaritza hartzeko aukera izan zuen. Araba Buru Batzarrek, ordea, gehiengo alternatibo hori osatzea baztertu zuen eta horrek Barinagak zinegotzi aktari uko egitea ekarri zuen.

ABBk ez zion Bastidako taldeari erabakiaren berri eman Udalaren osaketa iritsi baino hiru egun lehenago arte. Barinagaren dimisioa ere ez zieten jakinarazi. Bastidako alkatetza PPren esku gelditu zen eta EAJko zinegotziek alderdia utzi eta Lasa Bai sortu zuten.

TRUKE TXANPON GISA EZ

«Guk ez genuen nahi Bastida truke txanpon izatea, eta ez dugu orain gauza bera gertatzea nahi», esan zuen Quintanak. Zentsura-mozio proposamena baztertu egin du Lasa Baik oraingoan, baina «tresna mahai gainean» dago. «Nork irabaziko du zentsura mozioa bultzatzen badugu? Herritik kanpoko alderdi batek? Orduan ez kontatu ipuinik. Herriak irabazten duenean, orduan egingo dugu aurrera».