GARA Euskal Herriko egunkaria

ANk «ongietorri»-en auziaren barnean sei pertsona auzipetzeko eskatu du

Antton Lopez Ruiz, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana San Vicente eta Oihana Garmendia auzipetzeko eskatu du Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak, 2016 eta 2019 arteko «ongietorri»-ekin ETAren biktimak «umiliatzea» egotzita.

Antton Lopez Ruiz, atxiloketaren ondotik Intxaurrondoko kuarteletik ateratzen. (Jon URBE | FOKU)

2016 eta 2019 urteen artean eginiko 95 «ongietorri»-rekin ETAren biktimak «umiliatzea» leporatuta, sei pertsona auzipetzeko eskatu zuen atzo Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak: Antton Lopez Ruiz, Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana San Vicente eta Oihana Garmendia.

Fiskaltzak ohar baten bidez azaldu zuenez, Manuel Garcia Castellon epaileari eskatu dio auzia prozedura laburtura pasatzeko urratsa egitea (auzipetzearen baliokidea). Afera honetan hamabost pertsona inguru ikertu zituzten, eta orain haietako sei auzipetzeko eskaera egin du Fiskaltzak.

Auzi honen barneko atxiloketak 2020ko urtarrilean izan ziren, Guardia Zibilak Lopez Ruiz, San Vicente, Garmendia eta Altuna atxilotu zituenean, eta 2021eko uztailean ere bai, Saez de Egilaz eta San Epifanio atxilotu zituenean. Bi kasuetan, atxilotuak aske geratu ziren, Guardia Zibilaren Intxaurrondo eta La Salveko kuartelera eraman eta ordu gutxira.

Orduan Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi zuen “Kabat” izeneko operazioa Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 6. Epaitegi Zentralak agindu zuela. Atxilotuei «ia ehun -95- ETAko kideri eta haien laguntza-sareari omenaldiak» antolatzea leporatzen zieten, 2016ko abendutik 2019ko urrira bitartean, eta «terrorismoaren biktimak goratzea, umiliatzea eta gutxiestea» egozten zien. Auziaren ikertzaileek ondorioztatzen dute jokabide «errepikatua eta sistematikoa» zela, «antolaketa-egitura batetik hasirikoa».

2020ko urtarrilean, Lopez Ruizek ukatu egin zuen epailearen aurrean ekitaldi horiek Kalera Kalera ekimenak antolatu zituenik edo biktimak umiliatzeko asmorik zuenik, eta preso ohi gisa bertaratu zela adierazi zuen. Lopez Ruiz aske zegoen 2013tik, 26 urtez kartzelan egon ondoren, gertaera horiengatik atxilotu zuten arte.

Auzi horren barruan, epaitegiak “Kalerainfo” aldizkaria eta kalerakalera.eus webgunea ixtea agindu zuen, «terrorismoa goratzeko» tresna zirela argudiatuz.

Lopez Ruiz eta Oihana Garmendia 2018ko martxoan atxilotu zituzten «terrorismoa goratzea» egotzita; 2017ko azaroan, Lazkaon, Belen Gonzalez Peñalvaren omenezko ekitaldian parte hartzeagatik. Operazio hartan Miren Zabaleta eta Olatz Dañobeitia ere atxilotu zituzten, baina denak aske utzi zituzten handik ordu gutxira.