GARA
DONOSTIA
ETXEBIZITZA

Metro karratuko 6.000 euroen langa igaro dute Donostiak eta Zarautzek

Lehen aldiz metro karratua 6.000 eurotik gora dago Donostian eta Zarautzen salgai dauden bigarren eskuko etxebizitzetan. Espainiar Estatuko bigarren eta hirugarren udalerri garestienak dira, soilik Eivissaren atzetik. Katalunia alokairuen prezioak mugatuko dituen Estatuko lehen autonomia erkidegoa izango da otsailean. EH Bilduk Donostiako Udala interpelatuko du.

Zarautz, Estatuko hirugarren udalerri garestiena, irudian.
Zarautz, Estatuko hirugarren udalerri garestiena, irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Espainiar Estatuko bigarren eskuko etxebizitzaren batez besteko prezioa 2.203 euro/ m2 da, Fotocasa Higiezinen Indizeak egindako “Etxebizitza salgai 2023an” txostenaren datuen arabera. Hala ere, hiru herri daude batez bestekoaren oso gainetik, metro karratuko 6.000 euroko muga gainditu baitute, historiako gehieneko preziora iritsiz. Horien artean, bigarren eta hirugarren postuan, hurrenez hurren, Donostia eta Zarautz. Hauen gainetik dagoen bakarra Eivissa da, non metro karratuak 6.403 euroko prezioa duen. Gipuzkoar hiriburuak eta Zarautzek ere 6.000 euroko muga gainditu dute, historian lehen aldiz. Donostian metro karratua 6.120 eurora igo da, eta Zarautzen, 6.029 eurora.

Fotocasak azken 10 urteetako gorakadan ere jarri du ikusmira. Donostiaren kasuan, 2014an, batez besteko prezioa 4.161 euro/m² izan zen, eta 2023an 6.120 euro/m² da. Beraz, prezioa %47 igo da. Zarautzen %25,5 garestitu da.

Eivissaz, gain, Santa Eularia des Riu ere agertzen da zerrenda horretan, laugarren postuan, eta Fotocasak Herrialde Katalanetako irletako eta Gipuzkoako kasuen arteko alderaketa egin du. «Lau udalerrietako prezioaren garestitzea oso esanguratsua bada ere, gehien nabarmentzen dena Eivissako udalerrietan gertatzen dena da. Udalerri horiek uharteetako urrezko milia bihurtu dira, erosketa turistikoaren eskariaren presio handiagatik, batez ere atzerritarra, erosteko ahalmena bertakoa baino handiagoa baita, eta horrek lagundu du prezioak igotzen», azaldu du Maria Matos azterlanen zuzendari eta Fotocasako bozeramaileak. «Euskal Herriko udalerrien egoera desberdina da, eskaria ez baita atzerritarra, nazionala baizik. Hiri horietan, etxebizitza eskaintza urria denez, eskaintzaren eta eskariaren legeak tentsioa eragiten du, eta prezioek gora egiten dute. Hala ere, eskaintza nahikoa ez izateak eragiten du prezioak maila altuetan mantentzea», adierazi du.

KATALUNIAK ALOKAIRUEI MUGA

Isabel Rodriguez espainiar Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroak eta Ester Capella Kataluniako Gobernuko Lurralde kontseilariak erabaki dute Kataluniako 140 udalerritako alokairuen prezioak mugatzen dituen legea otsailetik aurrera indarrean jarriko dela; zehazki tentsiozko eremu gisa kalifikatuta dauden 140 udalerritan. Horien artean daude probintziako lau hiriburuak eta Bartzelonako metropoli eremuaren zatirik handiena.

Bestalde, Etxebizitza Ministerioak otsailean alokairuak arautzeko erreferentziazko prezioen indizea argitaratzea aurreikusten du.

Maizterren sindikatuaren (Sindicat de Llogaters) ustez, «albiste hau atzerapenarekin dator», legea onartu zenetik «urte erdi baino gehiago» igaro baita. Espainiar Gobernuari leporatu zioten «blokeatu» egin duela tentsioan dauden eremuen deklarazioa.

«ZEREN ZAIN GAUDE?»

Albistea ezagutu ondoren, Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Donostiako Udaleko bozeramaileak iragarri zuen koalizioak astelehenean berriro eskatuko diola Udal Gobernuari tenkatutako alorren alokairuen muga tramitatzen hasteko. «Legea dugu, prozedura eta emaitza ezagutzen ditugu, beste leku batzuetan egiten ari dira, zeren zain gaude?» galdetu zuen.

Aurretik zentzu berean onartuak izan diren bi mozio ere aurkeztu ditu EH Bilduk, eta orain interpelazioa aurkeztuko du Udalean.



Se amplía el plazo para exigir los gastos hipotecarios

Los gastos derivados de hipotecas firmadas antes de 2019 se pueden reclamar judicialmente hasta el 14 de abril, según informó ayer la OCU. Ese plazo, que, en principio finalizaba el 23 o 24 de enero, es más amplio porque durante 82 días naturales, los plazos procesales quedaron suspendidos a causa del estado de alarma de 2020.

En Hego Euskal Herria, solo en lo que se refiere al año pasado, hasta septiembre los juzgados especializados en cláusulas abusivas en las hipotecas recibieron 7.878 demandas contra los bancos. GARA