Estibalitz EZKERRA
Literatua kritikaria

Sareak I

Nobela ona da”, esan zion Wisam Rafeedieri espetxe zaindarietako batek. Liburua idazten amaitu eta gutxira, ordura arte zatika idatzitakoa kartzela barruan eta kartzelatik kanpo mugitzeko presoek erabilitako sistema (ogi puxkak, pilula kapsulak) atzeman ostean, Rafeedie sinetsita zegoen bere lana israeldarren esku zegoela. Ezusteko bat izan zen, hala ere, bere lana lapurtu ez ezik, indar okupatzaileetako hainbatek irakurri ere egin zutela jakitea. Kopia bakarra izanik, nobela bueltatzeko eskatu zien Rafeediek espetxeko agintariei; alferrik, ordea. Galdutzat eman zuen liburua.

Palestinako okupaziotik ihesi bederatzi urte ezkutuan igaro ostean, 1991n Israelgo armadak harrapatu eta Nakab kartzelara eraman zuen Rafeedie. Bertan hasi zen “Oinarrien hirutasuna” idazten, hogeita bi urteko Kan’an protagonista duen eta Rafeediek berak sionismoaren kontrako ezkutuko antolaketan igarotako urteetan oinarrituriko nobela.

1996an, Askalan kartzelan zegoela, Nafha espetxeko palestinar presoen kolektiboaren gutun bat jaso zuen Rafeediek, presoentzako curriculumaren berri ematen zuena. Harrituta geratu zen zerrendako liburuen artean bere “Oinarrien hirutasuna” ikusterakoan. Nakaben nobela zatika irakurri zuen presoetako batek testuaren kopia bat egin eta beste espetxe batzuetara zabaltzea lortu zuen.