GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Iñaki Artolak beste patxada bat erakutsi eta mundu bat zabaldu du

Laso-Arangurenek ezin izan zioten partida hasierako erritmoari eutsi, eta sailkapenaren azken postuan geratu dira, bakarrik. Seigarren jardunaldiaren amaieran bi bikote hauek bina punturekin berdinduak ziren; orain hiru garaipen daude bien artean.

Iñaki Artolak sotamanoarekin min handia egin zien aurkariei. (Iñigo URIZ | FOKU)

Une zailetan patxadak, erabakitasunak beste, edo gehiago, balio dezakeela erakutsi zuen atzo sasoi ederrean den Iñaki Artolak eta mundu bat zabaldu zuen, Imaz sendo baten laguntzarekin, egoera zailean utzi zituzten Laso-Arangurenekiko. Seigarren jardunaldia amaituta, bi bikote hauek -Altuna-Martija eta Ezkurdia-Tolosarekin batera- bina punturekin sailkapenaren zuloan ziren eta, 2022ko txapeldunek Gasteizen egingo dutenaren zain, alegiarra eta oiartzuarra hirugarrenak dira gaur, azken hiru partidak jarraian irabazita.

Labriteko atzoko lehiak parekotasun handia izan dezake bi bikote hauek Binakako honetan izaten ari diren jarrerarekin, pilota dezente egon arren atzelariek elkar hautsi ezin izan zuten deman, Iñaki Artolak tantoa landu eta amaitzerako orduan erakutsitako pazientzian, Unai Lasok gauzarik gehienak presaka eta amorrazioz egin zituen bitartean.

Batez ere aurkariek jokoan jarritako pilota batekin, alegiarra botez eta sotamanoz sartuz, Aitor Aranguren kantxan mugiarazteko sasoi handia erakutsi zuen, baita tantoa erraz amaitzeko zorroztasuna ere -azkenerako, airez hamar izan ziren batu genizkionak-.

NAHI ETA EZIN

Unai Lasori, ordea, askoz gehiago kostatzen ari zaio barruan daraman sumendia itzaltzea, are gehiago emaitzak lagun ez dituen bolada luze samar honetan. Atzo Erroibarkoak partida hasiera bikaina osatu zuen, sakean eta sake-errematean arriskatu eta asmatuta, bi atzelariek baleko pilota bat jotzerako 3-0 jarri zuen markagailua euren alde. Arangurenek ere ondo lagundu zion hasiera horretan, pilota gozatuz eta Imazi bizkarra erakutsiz (6-2), baina Artola jokoan sartu eta atzean indarrak parekatu zirenean, ez zen lehia bere aldera hausteko gai izan.

Lesio luzearen ondoren, oraindik nabari zaio gorputza ez doakiola bere burua mugitzen den abiadura berean, eta amore eman behar izan zuen bere unerik gozoenetako bat pasatzen ari den alegiarraren aurrean. Txintxarriak une zailak hamaika izan ditu azkenaldian, baina Imazekin bikote oso lehiakorra osatzen du eta, laineza hartuta, errematean ere ohikoan baino zorrotzago azaltzen ari da, partidan protagonismoa izan dezakeenetan.