GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Bateragarritasun testa gaindituta, bigarren postuak ez du arriskurik

Peio Etxeberria oldarkor eta zorrotz batek eta Jose Javier Zabaleta agintzaileak euren onena ematera behartu dituzte Jokin Altuna eta Martija, baina defendatzea ez dute aski izan, eta finalerdietan zuzenean egotea ez dirudi hauen eskuetan dagoenik.

Lau eta Erdiko finaleko arantza atera ahal izan zuen Peio Etxeberriak Jokin Altunaren aurka. (Raul BOGAJO | FOKU)

Barruan zuten ahal guztia zukutu behar izan zuten Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak atzo, Gasteizen, Jokin Altuna eta Martijari gailendu eta, bide batez, 2022ko txapeldunak bigarren posturako lehiatik ia betiko aldentzeko. Orain arte sei partida irabaziak bazituzten ere, Ogetakoa izan da, ziurrenik, nafarren partidarik osoena, bikote bezala gehien batu dutena, eta aurrelariaren oldarkortasuna eta atzelariaren joa bateragarriak ez ezik, elkar elikatzaileak direla frogatu diete euren buruei; txapelaren lehian izateko beharrezkoa izango duten zerbait, ezbairik gabe.

Ohi bezala, partida serioa jokatu zuten Jokin Altuna eta Julen Martijak; bien artean lau pilota baino ez zituzten oparitu 721 gurutzatu ziren lehia gogorrean, eta horietako bat bote egiterakoan pilota erabat geratu zelako izan zen. Ur filtrazioak ekiditeko Ogetan lan batzuk egin behar izan dituzte asteon, eta paretak eta lurrak bat egiten duten gune hori ez zen behar bezala egon atzo -eta Zabaletari ere bi pilotak geratu zitzaizkion-. Altuna eta Martijaren sendotasuna ez zen nahikoa izan parean zuten ahalaren aurka, nahiz eta garaipena ez zuten urrun izan.

Kontua da, partidaren zatirik handienean Peio Etxeberria eta Zabaletaren mende aritu behar izan zutela, eta horrek faktura fisiko handia pasatu zien lehia erabaki zen unerako. Itxura bikaina erakutsi zuen Ogetakoa gorabehera handiko partida izan zen, hein handi batean urdinen arabera jokatutakoa.

FOKUAK PEIORENTZAT

Gasteizkoa kantxarik gustukoena duen arren -atzoko arazoen aurretik hala zen behintzat-, Jose Javier Zabaletak ez zuen atzean espero zen beste agindu hasieran, baina nafarrek alde handi samarrak eskuratu zituzten, astean zehar sukarrak jota egon arren, Peio Etxeberriak protagonismo guztia beretzat hartuta. Ausart eta zorrotz aritu zen ultzamarra lehen txanpa horretan, eta urdinak 3-8 aurreratu ziren.

Baina beste ezeren gainetik, bikote lehiakorra eta gogorra izateak bereizten ditu 2022ko txapeldunak, eta partidari eusten asmatu zuten, lanaren bidetik batez ere, baina baita Altunak bere magiaren ale batzuk ateraz eta Martijak, Zabaletari eusteaz gain, tarteka bizkarra erakutsiz, pilota luzatuz ez bazen, ezker hormara arrimatuta, partida zortzina berdintzeko. Etxeberriaren zirkuitulabur batek ere lagundu zien zeregin horretan.

Partida oso bestelako dinamika batean sartu zen hortik aurrera, tantoak asko luzatuz, eta, jokoan bezala markagailuan ere, oreka askoz handiagoarekin. Nolanahi ere, behetik gora nabarmen eginda, pixkanaka Jose Javier Zabaleta partidaren aginteaz jabetzen hasi zen, eskuina luzatu eta gorrien artean higadura lan izugarri bat eraginez. Pilotakada latzak jo zituen etxarrendarrak, hamalaunako berdinketako errebotea kasu, eta 2022ko txapeldunak gehienbat defentsa lanetan aritzera behartu zituen atzelari urdinak.

AMAIERA ESTUA

Baina soka luzeko bikotea da amezketarra eta Etxeberrikoa eta, hortzak estutuz, azken-azken txanpara arte euren garaipen aukerei eustea lortu izan zuten, nahiz eta uneren batean urdinek lau tantotako aldea ere berreskuratu zuten.

Zabaletaren jarduna bikaina bazen ere, Peio Etxeberriak berriro ulertu zuen bere atzelariak ezingo zuela partida berak bakarrik atera, eta berriz ere erasorako aurrerapausoa eman zuen, hasieran besteko arriskurik hartu behar izanik gabe, Altuna eta Martijaren defentsak dezente erasanak zirelako ordurako.

Hori bai, garaipenaren tantoa etxarrendarrak lortu zuen, pilota errebotean hiltzera bidaliz, zangoan karranpak zituen Martijak eraman ezinda. Gaurtik aurrera, liga desberdinak jokatuko dituzte bi bikoteek finalerdietara arte.