GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Gazakoa genozidioa ez bada, ba al dago halakorik?


Ontzat eman dezagun une batez Israelek Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegian erakutsitako jarrera zuzena eta bidezkoa dela, ez duela inolako genozidiorik egin, ezta antzeko gauzarik ere. Nola deitzen zaio orduan trumilka hiltzeari, indiskriminatua, mugarik gabea, imajinatzea zaila egiten den eskala industrial batean egindakoari? Zientzialariek beste hurbilketa bat proposatu dute, geure ideia propioa egiteko. Gerraren lehen 27 egunetan, 25.000 tona leherkari jaurti ditu Israelek Gazara, Ameriketako Estatu Batuek Hiroshiman eta Nagasakin 1945ean jaurti zituzten bonba nuklearren balio berekoak direnak. Dagoeneko, erraz idazten da, 65.000 tona TNT leherkariaren baliokideak diren bonbardaketak egin dituzte, hots, hiru bonba nuklearren pareko. Hilero bonba nuklear bat. Hori genozidioa ez bada, ba al dago halakorik?

Palestinako herriarekin gertatzen ari dena legearen eta askatasunaren antitesia da. Ustez besterenezinak diren giza eskubide oro urratzen ari dira, orduero, egunez egun, munduko telebista pantailen aurrean zuzeneko emanaldietan. Okerrena da zenbait herrialdek eta agintarik, bukaera ematea ezik, Israeli babesa eta bonbak ematea lehenetsi dutela. Gauzak bere izenarekin ez deituz, genozidioa dela ez esateko «autodefentsarako eskubidea» bezalako eufemismoak erabiliz. Nazioarteko zuzenbide eta betebehar humanitarioek zer daukate esateko? Ez al ziren lotesleak bake eta segurtasun global bat bermatzeko? Zertarako balio dute, zuzeneko genozidioa gelditzerik ez badute? Israeli atsegina eta argi berdea emateko, balio eta printzipio hauek desagertu behar al dira?

Ez, Gazan ikusten ari garena ez da autodefentsa, ezta mendebaldeko hainbat komunikabidek erabiltzen duten hitz gezurti hori ere, bi bandoen arteko «gerra». Genozidiorako biolentzia kanpaina da; hobe esanda, «testuliburuetako genozidio kasua». Azken finean, hori delako genozidio hitza nazioarteko zuzenbidean, talde batek beste bati «bere suntsiketa fisiko totala edo partziala eragiteko ezartzen dizkion bizi baldintzak», hori delako Gazan bizitzen ari den tragediaren eskala, gu guztion humanitatearekin akabatu dezakeena.