GARA Euskal Herriko egunkaria
KONPONBIDERAKO GILTZAK

Sare: «Denon elkarlanarekin bide hau egitea errazagoa da»

Larunbateko mobilizazio jendetsuaren balorazio azkarra egin zuen atzo goizean Sarek eta lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen. «Ardatz nagusien artean, salbuespen legediarekin amaitzeko ekimenak lehenetsiko ditugu», adierazi zuen Bego Atxa bozeramaileak. «Arrakastatsutzat» jo zuten urteroko manifestazioa.

Aurten ere irudi ikusgarriak utzi zituen mobilizazioak. (Oskar MATXIN EDESA | AGENTZIA)

Larunbateko mobilizazioaren ajearekin, balorazio azkarra egin zuen atzo goizean Sarek, Bilbon. GARAren estimazioaren arabera, 68.000 lagun bildu ziren Bizkaiko hiriburuko kaleetan euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioan. Sareko bozeramaile Bego Atxak esker oneko hitzak izan zituen «parte hartu zuten herritar guztientzat».

Oraindik larunbatekoa hausnartzen ari baziren ere, aurrera begira jarri zen Atxa. «Lanean segituko dugu. Ardatz nagusien artean, salbuespen legediarekin amaitzeko ekimenak lehenetsiko ditugu», nabarmendu zuen.

Zentzu horretan, «lehenbiziko lan» bezala kokatu zuen. Beatrice Molle-Haran eta Txext Etcheverryri elkartasuna eta babesa adierazteko dinamika aipatu zuen, ETAren armagabetze prozesuan armak garraiatzeagatik inputatu dituztela gogora ekarriz.

«Eragile politiko sozial eta kulturalak konponbiderako giltzen dinamikan barneratzea izango dugu helburu. Zenbat eta gehiago, zenbat eta aniztasun handiago, lana errazagoa egingo zaigu», adierazi zuen Atxak.

Lan hori hiru helburu nagusirekin egingo dutela ere esan zuten: «Salbuespen legedi eta politikoei amaiera ematea eta alderdi politikoek euren agendetan ekimen hauek barneratzea; salbuespen legedi honen ondorioak pairatzen dituzten guztien egoerak hobetzeko pausoak ematea; eta biktimekiko konpromisoa indartzea».

«Denon elkarlanarekin bide hau egitea errazagoa da», ohartarazi zuen Sareko bozeramaileak. «Gure jarrera bultzaka jarraitzea izan behar da, presoak, espetxe politika arrunt baten arabera, aske gera daitezen lortu arte», defendatu zuten Atxak eta Joseba Azkarragak.

DENIS ITXASOREN HITZAK ERREFUSATU ZITUZTEN

Presoentzako «pribilegiorik» eskatzen ez dutela azpimarratu ostean, ad hoc legediaren amaiera eskatu zuten, «euskal gizarteak bizi duen garaiarekin zerikusirik ez duena». Horren harira, Denis Itxaso Gobernu espainolaren ordezkariak euskal presoei dagoeneko legedi arrunta aplikatzen zaiela esanez egindako adierazpenak zalantzan jarri zituzten, eta Azkarragak errefusatu egin zituen: «Ondo baino hobeto daki aplikatzen dena ez dela legeria normalizatu bat, baizik eta Jose Maria Aznarrek 2005ean onartu zuena, hurbiltasuneko epaitegietatik eskumenak kentzeko. Hori ETAren garaian onartu zen, baina orain ez gaude egoera horretan», esan zuen, eta 40 urteko zigorrak eta Estatu frantseseko kartzeletan betetako zigorraren zatia ez zenbatzea gaitzetsi zuen. «Ez da egia legedi arrunt normalizatu bat dagoenik. Salbuespen hutsa da, eta berak badaki», adierazi zuen.