GARA
AMURRIO

Arabako Bertsolari Txapelketa, urtarrilaren 28tik martxoaren 16ra

Arabako Bertsolari Txapelketaren udaberriko fasea bi aste barru hasiko da, urtarrilaren 28an, Izarran. Hemezortzi bertsolarik parte hartuko dute, 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistek, gehi 2023ko udazkeneko kanporaketetan puntuazioaren arabera lehenengo 13 sailkatuek. Hiru final laurden jokatuko dira, ondoren bi finalerdi, eta finala martxoaren 16an izango da Gasteizen.

Arabako Bertsolari Txapelketaren udazkeneko fasea aurkeztu zen atzo, Amurrion.
Arabako Bertsolari Txapelketaren udazkeneko fasea aurkeztu zen atzo, Amurrion. (Raul BOGAJO | FOKU)

Urtarrilaren 28an hasi eta martxoaren 16ra bitarte luzatuko da 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa. Finalera iristen diren bertsolariek Gasteizko Printzipal Antzokian bilatuko dute txapela.

Arabako Bertsozale Elkarteak Baranbioko Garrastatxu Txokoan aurkeztu zuen 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa, atzo. Gogora ekarri zuten 1982an jokatu zen lehenengo Arabako Bertsolari Txapelketa, orain 40 urte. Urte hauetan Arabako bertsogintzak egin duen bidea azaldu zuten eta txapelketek izandako une bereziak aipatu zituzten: 1982an Arabako Bertsolari Txapelketa, 1990ean Prudentzio Deuna sariketa, 2012an Arabako Bertso Kuadrilla artekoa, 2021ean Arabako Binakako bertsolari Txapelketa eta 2024an 40 urte beteko dira lehenbiziko txapelketa egin zela. «Beraz, bada zer ospatua Araban», adierazi zuten.

Bi lagunek hitza hartu zuten. Lehenengo, Egoitz Iradier Elkarteko sustapen arduradunak eman zituen txapelketari buruzko xehetasunak. Ondoren Patxi Aizpurua mintzatu zen, duela 40 urte Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartutako kide eta Elkarteko idazkaria.

Hiru final laurden, bi finalerdi eta finala izango ditu txapelketa honek. Final laurdenak: Izarran, Oionen eta Laudion. Finalerdiak: Aramaion eta Dulantzin. Eta finala, berriz, Gasteizko Printzipal Antzokian.

PARTAIDEEN ARGAZKIA

Parte hartzaileei dagokionez, nabarmendu dute parte hartze «anitza» duela aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketak. Adinaz den bezainbatean, gazteenak, Maddi Agirrek 19 urte ditu eta 2021, 2022 eta 2023ko Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapelduna da. Zaharrena Rikardo Gonzalez de Durana da, 65 urte ditu eta Gasteizko bertso-eskolako sortzailetariko bat izan zen 1982an; Aiaraldeko bertso eskolarekin batera Arabako lehenengo bertso eskolak izan ziren.

Ez dago aurreneko aldiz parte hartuko duen bertsolaririk. Baina 2022an parte hartu ez zuten lau bertsolari daude aurtengo edizioan, nahiz eta ez den txapelketan parte hartzen duten lehen aldia: Aroa Arrizubieta, Eli Zaldua, Izar Mendiguren eta Martin Abarrategi. Generoari dagokionez, bost emakumek parte hartuko dute, eta hamahiru gizonek.

FASEZ FASE

Txapelketak egitura hau izango du: Arabako 18 bertsolarik parte hartuko dute, 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistek, gehi 2023ko udazkeneko kanporaketetan puntuazioaren arabera lehenengo 13ek. 18 arituko dira final laurdenetan, 12 bertsolari finalerdietan eta 6 finalean. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Urtarrilaren 28an Izarran egingo da final laurdenetako lehen saioa. Kantuan izango dira: Peru Abarrategi Sarrionaindia, Paula Amilburu Izargarai, Danel Herrarte Nafarrate, Eli Zaldua Barquin, Aitor Ugarte Eriz eta Ekaitz Samaniengo Curiel.

Otsailaren 4an Oionen: Manex Agirre Arriolabengoa, Xabi Igoa Eriz, Rikardo Gonzalez de Durana Alzola, Orlando Arreitunandia Arinas, Aroa Arrizubieta Barredo eta Maddi Agirre Epelde.

Eta otsailaren 11n, laurdenetako azken saioan: Iñaki Viñaspre Simon, Izar Mendiguren Cosgaya, Felipe Zelaieta Txurruka, Martin Abarrategi Sarrionaindia, Asier Otamendi Alkorta eta Unai Anda Delika.

9 epaile arituko dira, 13 gai jartzailek taldean gaiak sortuko dituzte eta euretako 6 izango dira aurkezleak.