Jon GARMENDIA
Idazlea

Gloria

Eskelei buruz jardun eta zurea ikusi behar izan dut, urteari hasiera baino eman ez diogunean. Jadanik hau nahiko motibo bada urtea txarra izan dela errateko. Montevideo ez da berdina izango zu gabe, ezta Uruguai ere.

«Mi hermanito» bezala aurkeztu zenidan Josu Lariz erbesteratua, eta bera ezagutuz ulertu nuen Filtro ospitaleko sarraskia, herri bat zapaltzaileen aginduei entzungor eginez.

Bisitetan, Mendigorriako zure aitaren jatorriaz hitz egin zenidan, Tolosara etorritako zure lehengusu Mikelez, iloba Ainhoaz, alaba Naiarari zenion miresmenaz, Larraitz, Nekane, Xarlo, Josune eta Gorkaz, izenda ezinak zaizkidan zure lagun euskaldunez, zuhaitzen energiaz, naturaz, Benedettiren poesiaz, eta dena irribarre batekin, baikortasunetik argia eskainiz, unerik gogorrenetan ere bai.

Izan eta bizi egin zara. Eta goizegi joan, azkarregi. Zu bezalakoek ez luketela hil behar jakingo ez bagenu bezala. Tira, zu bezalakoak erran dut, baina zu zinen zu, bakarra, ordezkaezina. Hala da gizaki borrokalari eta maitagarri bakoitza.

Badakit zure galera ezin dela hitzekin bete, baina direnik eta ederrenak eskaintzen dizkizut.

Ezagutu zaitugun bakoitzari dagokigu zure argia pizturik mantentzea, hori da zu oroitzeko modurik onena beharbada, balio dezan mundu hau jaso dugun baino hobe uzteko.

Pavesek zioen momentuak oroitzen ditugula, ez egunak. Eta horietan biziko zara gugan, maitasunez.