GARA
DONOSTIA

Agurne Barruso da Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi berria

Urte hasierarekin batera kargua hartu du Agurne Barruso Lazkano Ikastolen Elkarteko zuzendari berriak, Jose Luis Sukiaren lekukoari helduta. Artezkaritza Kontseiluak iragan irailean izendatu zuen Barruso zuzendari, baina trantsizioa egiteko hartu dute udazkena.

Agurne Barruso eta Jose Luis Sukia, elkarrekin.
Agurne Barruso eta Jose Luis Sukia, elkarrekin. (IKASTOLEN ELKARTEA)

Bergaran jaioa, 1969an, Gasteizko Armentia ikastolako zuzendaria izan da Agurne Barruso zazpi urteotan. Aurretik lau urtez bere herriko alkatea izan zen, 2007tik 2011ra bitarte. «Ilusioz» hartu du Ikastolen Etxearen lema. Jose Luis Sukiaren testiguari helduz zuzendari nagusi kargua betetzea erantzukizun handia ere badela aitortu arren, erronkek motibatu egiten dutela esan zuen atzo, are gehiago inguruan lantalde eta zuzendaritza nahiz artezkaritza talde sendoak edukita: «Uneotan mugimendu bizia da ikastolena, aktiboa, eragilea… Ongi kokatuta gaude hezkuntza sisteman eta gizartean, eta etorkizun handiko proiektua gara».

Unea ere interesgarria dela aipatu zuen zuzendari nagusi berriak, batetik, pedagogia alorrean aurkeztu berri den Ikastolen Hezkuntza Maroko Orokor berriaren hedapena egiten hasi direlako, eta, bestetik, maila instituzionalean Ikastolen seigarren Batzarra egingo delako ikasturte amaieran.

SEIGARREN BATZARRA

Ekitaldi hori prestatzeko lantaldeko kidea da Barruso. «Otsailaren amaieran hasiko dugu eztabaida prozesua ikastolekin, haiei aurkeztuko diegu egindako lana eta guztion ekarpen eta zuzenketekin landuko dugu Batzarrera eramango dugun behin betiko proposamena».

Batzarra izango da ikastolen ildo estrategikoak markatuko dituen abiapuntua. «Azken batean, hurrengo hamarraldirako gure proposamena landu behar dugu», azaldu zuen elkarteko zuzendari berriak.