GARA
BAIONA

Migrazio legea bertan behera uztea galdetzeko protesta

Alderdi politikoak, sindikatuak, elkarteak, orotara hogei bat eragilek bat egin dute migrazio lege berria ez onartzea galdetzeko. Hartara, urtarrilaren 21ean beste mobilizazio batera deitu dute Ipar Euskal Herrian, hain zuen, «paperik gabekoen» eskubideak are gehiago murriztuko dituen legea bertan behera uztea eskatzearren. Herritarrei hitzordua eman diete: heldu den igandean, 11.00etan, Baionako Suprefeturaren aurrean.

Dagoeneko asilo eta migrazio legea alboratzeko galdera entzunarazi zuten herritarrek, joan zen igandean, Hendaian dagoen Migranteak Atxikitzeko Zentroan amaitu zen mobilizazioaren bidez.

Arrazista eta xenofobotzat jo zuten lege berria eta azken 40 urteetako atzerakoiena dela salatu zuten mobilizaziora bertaratu ziren 200 lagunek. Protestaren sustatzaileek nabarmendu zutenez, «askatasun publikoak eta berdintasun printzipioa» urratzen ditu lege berriak eta, horren ondorioz, etorkinen egoera oraindik ere zaurgarriagoa bilakatuko du.

«Lege hori kentzea fermuki eskatzeko» mobilizatzeko premia nabarmendu zuten.

MACRONEN AGERRALDIA

Gabriel Attal gobernuburu berria izendatu eta astebetera, astearte gauean, telebistan eginiko agerraldian, Emmanuel Macronek eskuinaren eta eskuin muturraren sostenguz onarturiko legeak aurreikusten dituen neurrien defentsa egin zuen. Segurtasunaren auzia eta migrazioaren politika lotu zituen agintariak berriz ere.

Iazko abenduaren 19an Legebiltzar frantsesak egitasmoa ontzat eman ondoren, Senatu eta Asanblea Nazionaleko presidenteez gainera, 120 parlamentarik babesturiko helegiteari erantzuna eman behar dio Kontseilu Konstituzionalak.

Azken albisteen arabera, goi erakunde horrek heldu den urtarrilaren 25ean ezagutarazi behar luke asilo eta immigrazio legeari buruzko erabakia.