GARA
PEKIN

Txinako biztanle tasaren beherakada areagotu egin da 2023. urtean

Ama-semeak, Pekingo kale batean.
Ama-semeak, Pekingo kale batean. (Pedro PARDO | AFP)

2023an 2,08 milioi biztanleko jaitsiera izan zuen Txinak eta 9,02 milioi jaiotza izan ziren, erregistroak daudenetik izan den tasa txikiena. Horrek esan nahi du Asiako potentziaren beherakada demografikoa normalizatu egin dela.

Estatistika Bulego Nazionalak argitaratutako datuen arabera, Txinak 1.409,67 milioi biztanlerekin itxi zuen 2023a, 2022an baino % 0,14 gutxiagorekin. Azken urte horretan biztanleria 850.000 pertsonatan murriztu zen; 1961etik lehen jaitsiera izan zen.

Asiako erraldoiak -2021az geroztik bere herritarrei hirugarren seme edo alaba bat izateko aukera ematen dienak- jaiotza-tasaren joera negatiboari buelta emateko erronka du esku artean, zazpi urtez jarraian jaitsi baita. Nazioko zein tokiko agintariek tasa hori handitzeko ahaleginak egin dituzte, baina ez dute lortu.

Txinako adituek 2023an izandako jaiotza kopuru txikiaren atzean faktore hauek daudela diote: pandemia, adin ugalkorrean dauden emakume kopuruaren jaitsiera eta Txinako gazteek gero eta beranduago erabakitzen dutela ezkontzea eta seme-alabak izatea.

EKONOMIAN ERAGINA

Lin Caiyi-k, Txinako Ekonomialarien Foroko Ikerketa Institutuko presidenteordeak, ohartarazi duenez, biztanleria gutxitzeak lan-indarra murriztea dakar, eta horrek «hazkunde ekonomiko motelagoa ekarriko du ezinbestean». Hong Kong-eko “South China Morning Post” egunkariak aipatutako adituaren arabera, gizarte segurantzako gastuen gaineko presioa «urtez urte handitzen doa, biztanleria zahartu ahala».

Kalkuluen arabera, 203 inguruan 60 urtetik gorako 400 milioi pertsona baino gehiago egongo dira Asiako herrialdean; hau da, Txinako biztanleriaren %30 baino gehiago.

Hala ere, Yuanen arabera, aurten baliteke biztanleriaren hazkunde negatiboa arintzea, txinatarrek nahiago dutelako seme-alabak Dragoiaren Urtean izan (otsailean hasten da) eta jaiotzek gora egin dutelako pandemiaren ondoren eta Txinako “zero covid” politika zorrotzaren ondoren. Hori bai, joera orokortzen ari da, India munduko herrialde jendetsuena bilakatu den honetan.