GARA
GASTEIZ

EHUk 108 graduko eskaintza akademikoa aurkeztuko du

EHUk datorren ikasturtean 108 graduko eskaintza akademikoa izango du, eta ikasleen eskura jartzen dituen baliabide eta jarduera sorta zabala aurkezteko, EHUazoka unibertsitate orientaziorako saioak egingo ditu urtarrilaren 27tik aurrera, hiru larunbatetan.

Urtarrilaren 27tik aurrera, hiru larunbatetan, EHUrako orientazio azokak egingo dira.
Urtarrilaren 27tik aurrera, hiru larunbatetan, EHUrako orientazio azokak egingo dira. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Urtero bezala, Eva Ferreira errektorea EHUazokan izango da, aurreikusitako hiru jardunaldietako bakoitzaren garapenean parte hartzeko. Bere hitzetan, «EHUazokak aukera ematen du eskaintza akademikoa bertatik bertara ezagutzeko eta fakultate eta eskoletako ordezkariekin zalantzak argitzeko eta orientaziorik onena jasotzeko».

Ikasturte honetan abian jarri dira Biomedical Engineering gradua, Bilboko Ingeniaritza Eskolan ematen dena, osorik ingelesez, eta heziketa duala barne hartzen duena, eta Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako gradu bikoitza, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, EHUk hezkuntzaren arloan duen lehen gradu bikoitza.

2024-2025eko ikasturterako berrikuntza Logopediako gradua izango da (Unibasqen azken oniritziaren zain), Psikologia Fakultatean irakatsiko den gaikuntza gradua, eleaniztuna eta prestakuntza dualekoa. Ikasleek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez jasoko dute prestakuntza, eta etorkizuneko promozioek gaitasunak eskuratuko dituzte arlo horretako jakintza zientifiko eguneratuena izateko.

NAZIOARTEKO PRESTAKUNTZA

Gainera, posible izango da EHUn lehen aldiz nazioarteko prestakuntza duala egitea, Gasteizko Ingeniaritza Eskolan, nazioarteko bi titulazio bikoitz eta dualak egin ahal izango baitira. Automozioko Ingeniaritzako gradu dualeko ikasleek “TH Köln-en Bachelor of Engineering in Vehicle Development” titulua lortzeko aukera izango dute Alemanian beste ikasturte bat eginez, herrialde horretan prestakuntza duala barne hartzen duena.

Bestalde, Ingeniaritza Mekanikoko eta TH Köln-eko Bachelor of Engineering in Vehicle Development-eko graduaren nazioarteko titulazio bikoitzari esker, EHUn Ingeniaritza hori egin duen ikasleak bigarren gradua lortu ahal izango du Alemanian urte gehigarri batekin, zeinak herrialde horretan prestakuntza duala barne hartzen duen.

Aipatutakoez gain, beste 12 graduk eskainiko dute prestakuntza duala. Prestakuntza dualak unibertsitateko eta enpresako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak uztartzen ditu; EHU aitzindaria da eredu hori eskaintzen. Hala, ikasleek EHUren datorren ikasturterako gradu eskaintza xehetasun handiagoz ezagutzeko, EHUazoka Unibertsitate Orientazioko Azokara jo ahalko dute.

Aurten, lehen jardunaldia urtarrilaren 27an egingo da, Gipuzkoako campusean; bigarrena otsailaren 3an, Arabakoan; eta hirugarrena otsailaren 10ean, Bizkaikoan, informazio saio kolektibo zein pertsonalizatuekin.