GARA Euskal Herriko egunkaria

Zinemagintzan eta musikagintzan ere, euskaraz bada, askoz hobeto

Esti Urresola zine zuzendariak eta Pello Reparaz musikariak hartu zuten parte, Languages Lanean kongresuaren barruan, euskara eta kulturaren arteko harremana ardatz izan zuen atzoko solasaldian. Biek azaldu zioten publikoari zeintzuk diren indibidualki egiten dituzten hautu linguistikoak zinemagintzan zein musikan.

Xabier Paya, Pello Reparaz eta Esti Urresolarekin. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskararen eta kulturaren arteko harremana izan zen atzo Languages Lanean kongresuko hitzaldiko gaia. Horren inguruan mintzatzeko, Pello Reparaz musikaria eta Esti Urresola zuzendari eta zinema ekoizlea izan ziren bertan, eta zailtasunak zailtasun kultura arloan euskaraz aritzera deitu zuten, batez ere belaunaldi berriak.

Zuzendaria izateaz gain, Esti Urresola (Laudio, 1984) gidoilaria eta ekoizlea ere bada. “20.000 especies de abejas” filmean, Urresolak euskara eta gaztelera nahasten ditu, eta azaldu zuen zeintzuk diren pelikula bat egiterakoan aurkitzen dituen zailtasunak. «Zinemagintzak, arte bezala, ez dauka zerikusi handia literaturarekin, adibidez. Azkenean, zinemagintzan talde erraldoi bat dago inguruan eta horrek dena baldintzatzen du», ondorioztatu zuen. Adibide gisa, aipatu zuen ez duela ezertarako balio castinga euskalduna izateak «gero soinu teknikariak ez baldin badu euskara ulertzen».

Pello Reparaz (Arbizu, 1990) musikari, konpositore eta musika ekoizleak Vendetta taldearen sorreran parte hartu zuen, eta urte batzuk geroago arrakasta errepikatu zuen Zetak bandarekin. Hala, Reparazek defendatu zuen, bere kasuan, «euskarak ate gehiago ireki» dizkiola itxi dizkionak baino, eta nork bere hizkuntza propioan abesteak duen balioa nabarmendu zuen, «ezberdintzeko faktore bat» dela esanda. «Diruduna izan nahi baduzu musikaren munduan, momentu honetan hobe hizkuntza hegemonikoetako bat aukeratzea, baina nik musika elektronikoko proiektu hau euskaraz baino beste hizkuntza batean egitea aukeratu izan banu, agian ez zen hain proiektu berezia izango eta agian ez zuen piztuko piztu duen interesa», azaldu zuen Zetak taldearen hizkuntza aukeraketari buruz.

Xabier Payak moderatuta, Urresolak eta Reparazek euren arloetako «erronka berriak» aztertu zituzten. Zinemari dagokionez, Laudioko zuzendariak uste du «pena» dela espainiar Estatu mailan euskarazko filmak jatorrizko bertsioan ikusi ezin izatea, bikoiztu egiten baitituzte, eta, aldiz, nazioarteko jaialdietan «ikusten dut nola publikoa gerturatzen den hizkuntza honetara». «Ez dut ulertzen Estatuan koofiziala den hizkuntza batekin hori egitea», salatu zuen, eta instituzioei eskatu zien euskarazko produkzioen eskubideak bermatzeko. Bestalde, Reparazek gomendio bat eman zien musikan aritu nahi duten belaunaldi berriei, eta, noski, euskararen erabileraren alde egin zuen: «Sinesten dut interesgarriagoa dela proiektu artistiko batentzat gaur egun soinu txarra izatea, beste guztiek bezalako soinua izatea baino. Burutik kendu beharra dugu euskaraz sortzeak itxi ditzakeen ateak. Hortik pasa gara eta beste asko eta asko zabaltzen ditu eta, benetan, harrigarria da».

ITZIAR ITUÑORI ESKAINITAKO TXALO ZAPARRADA

Languages Lanean kongresuaren egitaraua argitaratu zenean, aurreikusita zegoen Itziar Ituño aktoreak ere atzoko saioan parte hartzea. Alabaina, Payak jakinarazi zuenez, hitzaldia hasi aurretik Ituñok onena ez bertaratzea zela erabaki zuen. «Nahiz eta gogotsu egon gurekin izateko eta solasaldi honetan parte hartzeko, tamalez azken egunetako gorabeherengatik ez du bere burua ikusten etortzeko moduan eta atseden hartzeko premian dago. Espero dugu lehenbailehen osatzea eta eskerrak ematen dizkiogu edozein kasutan», esan zuen Xabier Payak.