Amagoia MUJIKA
HERNANI

Larrutik jaio da, jendartea ekonomia feministaren hariarekin josi nahi duen sarea

Atzo aurkeztu zuten Hernanin Larrutik, Interkooperazio Feministarako Sarea. Ekonomia sozial eraldatzaile feministaren esparruan aritzen diren arlo desberdinetako kooperatibek eta elkarteek osatzen dute. Erronka garbia da: «Eraldaketarako lan egin nahi dugu eta ez sistema kapitalista heteropatriarkala birsortzeko».

Larrutik osatzen duten kooperatibetako eta elkarteetako kideak, atzoko aurkezpenean.
Larrutik osatzen duten kooperatibetako eta elkarteetako kideak, atzoko aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Larrutik jaio da, Interkooperazio Feministarako Sarea. Oraingoz, honako eragileek osatzen dute; Ara! Gorputz, Artaziakoop, Eihera, Emagin, Farapi, Harago, Irule, Juntura eta Parean, guztiak ere ekonomia sozial eraldatzaile feministaren esparruan ari direnak, nor bere arlotik: Gorputzak erdigunean jartzen dituen kultura ziklikoa, hezkidetza, zerbitzu juridikoak, memoria historikoa, arkitektura, migrazioa, hezkuntza artistikoa, kultur bitartekaritza eta erantzukidetasun soziala, besteren artean. Sarea osatzen duten kooperatiba eta elkarteak askotariko alorretan aritzen dira lanean eta guztiek darabilte jendartea eraldatu nahi duen ekonomia feministaren haria.

Atzo aurkeztu zuten Larrutik sarea Hernanin. Aurkezpenean hala azaldu zuten: «Askotariko eraldaketa feministak sustatu nahi ditugu: ez dugu lanerako bizi nahi, lan baldintzak ikuspegi feministetatik definitu nahi ditugu, merkatuan oinarri feministak ezarri eta berriak sortu nahi ditugu, interkooperazio feministan oinarrituko diren harremanak bultzatu nahi ditugu, eraldaketarako lan egin nahi dugu eta ez sistema kapitalista heteropatriarkala birsortzeko».

Hartara, bizitzako eremu desberdinetan eragin nahi dutela nabarmendu zuten, «bai gure barne dinamiketan eta baita parte hartzen dugun espazio sozioekonomikoetan ere». Horretarako, «hausnarketa eta etengabeko berrazterketa» hartuko dituzte erreminta gisa, «gure burua nahiz gizarteko beste eragileak interpelatzeko helburuz».

PROPOSAMENAK

Larrutik Interkooperazio Feministarako Sareak ekonomian ikuspegi feministatik jarduteko proposamena jartzen du mahai gainean. Horrez gain, «bizitza, zaintza eta gorputzak» erdigunean jartzea garrantzitsutzat jotzen du. Saretzea, «lehiatik atera eta elkarlanean aritzea», da beste oinarrietako bat. Ezagutzak partekatzea, elkarrekin hausnartzea eta probatzen jarraitzea ere jasotzen da oinarrietan. Hala nola «euskaratik lan egitea», «merkatuaren hazkunde etengabearen aurrean txikitasunetik abiatzea» eta «lan baldintzak eta, ondorioz, bizitzak hobetzearen alde borrokatzea». Erronka horiek gidatuko dute sortu berri den sarearen jarduna.

LARRUTIK

Izenari dagokionez, Larrutik da sarea «lanak laztutako azaletatik hitz egiten dugulako; pilatutako orduek larrua ondu digutelako; bizitakoen orbainek indarra ematen digutelako; sarri larrua jokatu dugulako gure bizi proiektuekin; larrugorritan utzi nahi gaituen sistema kapitalistaren aurrean gure larruazalak ateratzen ditugu aurrera, nazkatuta gaudelako gure pauso bakoitza larrutik ordainduko dugula entzuteaz». Proposatzen duten eraldaketa ez da azalekoa, sakon- sakonekoa baizik.

Dagoeneko jarri dute sarearen lehen hitzordua. Datorren maiatzaren 24an Interkooperazio Feministaren Jardunaldia antolatu dute Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan, atzo sarea aurkeztu zuten toki berean.