Esti EZKERRA
Literatura kritikaria

Sareak II

Wisam Rafeedie jadanik ez dago kartzelan. Gaur egun, ikerlari eta irakaslea da Betleem Unibertsitateko gizarte zientzien sailean. Berriki bere “Oinarrien hirutasuna” nobela ingelesera itzulia izan da eta, horren harira, hitzaldiak ematen arituko da, iparralde globaleko palestinar elkarteek gonbidatuta. Baina hau guztia ez zen posible izango kartzela barruan zein kanpoan eraturiko sareengatik izan ez balitz. Sare horiek gabe “Oinarrien hirutasuna” nobelarik ez litzateke egongo, ezta haren itzulpenik eta Rafeedie bera entzuteko plataformarik ere.

Sareen garrantzia nerabilen buruan, Hagatik heldutako berriei adi-adi jarraitzen niela. Ez ninduen harritu Hegoafrika izatea Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurrean Israel, denon begi aurrean eta Mendebaldekoak garenon gobernuen konplizitate eta arma-laguntzarekin, Palestinan egiten ari den genozidioa salatu duena. Hegoafrikak erakutsitako adore eta etikak lotsagorritu beharko lituzke hainbat. Eta ez, ez dut sinesten Txinak balio berberek bultzaturik egin duenik Hegoafrikaren salaketarekin bat. Ez dut sinesten ere Mendebaldeko justizia sistemak konponbiderik ekarriko duenik, justizia sistema bera denean arazoa. Zuen ahotsak entzuten ditut, Gazatik, bizia arriskuan jarrita, informatzen zabiltzatenok: Motaz, Bisan, Motasem, Wael, Yara…