JAN. 22 2024 KOLABORAZIOA Sinesmenak Aster NAVAS Astelehena. Mundu honetan leku sinesgaitzak daude. Horietariko ezohikoena Erregistro Zibila da. Gaur bertan izapide batetarako handik pasatu naiz, nire bizi fedearen bila. Funtzionario jator batek ziurtatu dit agiri konpultsatu batean, berari dagokionez, bizirik nagoela. Pitin bat deshobeturik, baina bizi, azken finean. Kafkaren pasadizo horretatik atera naiz, Administrazioak norbait bizirik edo hilda dagoela berrestea ezinbesteko zerbitzu publikoa dela pentsatuz: beragatik ez balitz, ez nukeen inoiz sinetsiko pertsona batzuk −maiteenak, bereziki− hil direnik. Agian ez dut sinetsi nahi. Beharbada, beste era batez esanik, ezin dut sinetsi; ezin dut onartu. Hain da zentzugabea. Jundizko gazte horiek... Arriskuak, heriotzaren posibilitateak intentsitate erakargarria bezain arriskutsua ematen dio bizitzari. Gogoratzen didate Charlie Bird Parkerren esaldia: «Azkar bizi, gazte hil eta gorpu polit bat utzi». Asteartea. Gaurko “First Dates” telesaioan Gironako neska batek bere mahaikideari aitortu dio urteetan zehar bere bizitza pertsona egokiarekin partekatzen ari zela sinetsi izan zuela. «Denborak ulertarazi dit pisukideak besterik ez garela izan», dio, kopa astiro altxatuz. «Edo agian denbora izan zen pisukide huts bihurtu zintuztena», erantzuten dio besteak antzeko esperientzia bizi izan duela aditzera ematen. Asteazkena. Artikulu bat irakurri dut Gruen efektuari buruz. Gruenek saltzeko modua irauli zuen. Erakusleihoaren asmatzailea izan zen. Baina bere lorpenik handiena merkatal gunea −Southdale Center− izan zen, bertan bizitzeko, agertzeko leku sutsu bat sortzearen ideia. Hala ere, paradisua izango zela sinetsi izan zuena labirinto bihurtu zen. Horregatik, besteak beste, ez dugu Ikeatik ateratzea lortzen. Osteguna. Alex, Koalakoek basatiki jipoituriko mutila ez da suspertzen. Bere amak −guk ere ez− ezin du sinetsi zergatik egin zioten hori. Gaurko horoskopoak fede pixka bat ingurukoengan gomendatzen dio Akuariori. Ostirala. Bosgarren solairuko amamarekin topo egin dut. Mertxe etxetik ateratzen duena bere txakurra da. Nahiz eta Mertxek kontrakoa sinetsi. Larunbata. Lagun min batek bere dibortziatu berriaren etxea ikustera gonbidatu nau. Gelaz gela ibili gara atondotik sukalderaino. «Eta honatx, balkoia», esan dit, bukatzeko, balkoi txiki batera ateraraziz. Terraza horretatik husten zihoan aurreko plazarantz begira geratu gara biok: «Ba... Sinetsi egidazu, Arturo: asmatu duzu; benetan...», isilaldia hautsi dut Martarekin bukatutako harremanaz mintzatzeko irrikan zegoela pentsatuz. «Ez dakit: agian logela hobeto geratuko litzateke egongela jarri dudan lekuan», erantzun dit pentsakor. Sinestezina, gero, Trumpengan sinesten duen amerikarren kopurua. Itsuki. Igandea. Gaur Nojara joan gara; hortxe daukagun apartamentura. Noizean behin aitzakiaren bat asmatzen dugu hara joateko: horko etxea zabaldu behar dela, Aste Santurako prestatzeko, ea galdara ongi doan egiaztatzeko. Gure buruei gezurra esaten diegu: haraino baldin bagoaz da itsasoak han jarraitzen duela konprobatzeko. Ez, ez dakigu horrexegatik den, baina oso bitxia da hango hondartzara azaldu ostean lasaitu egiten garela. Bai, agian, jakin gabe. Beldur gara, gringoak “Patriarkaren udazkena” eleberrian bezala, egunerokotasunean murgildurik gabiltzanean, norbaitek itsasoa lapurtuko digula. Beldur gara, gau batzuetan sinetsita ere bagaude −elkarri aitortzen ez badiogu ere− egun batean hondartzaren ordez hareatza huts eta babesgabe bat aurkituko dugula. «Estoy muerta», esan dit emazteak oheratzean. En fin.