Jon GARMENDIA
Idazlea

Zorion bat

Ez dakit asperdurak jota egongo ote nintzen, ala espioi errusiarrarena egiteko izan zen, baina ohartu naiz Facebook-en sorteguna atzo jarria neukala, urtarrilaren 21ean. Eta abuztuan jaioa naiz ni, beraz ederki. A ze mezu zaparrada, aplikazioaren Messengerrean lehenik eta sakelakoan gero. Lehenek irribarrea atera zidaten, ondorengo mezuak, aldiz, astun bilakatu zitzaizkidan eta biziki diplomatiko (kokin izatearren), eskerrak ematen hasi nintzen, badakizue «Milesker nirekin akordatzeko momentu bat hartu duzun horri» erranez. Ai ama, esaldi hori ez dut aguantatzen, ulertzen dut mekanismo bat dela, ohiturako zerbait, baina hainbestetan leitu dudalarik... asperdura horrexek sortzen dit! Nik ere, badut kritika erraza leuntzeko beharra, besteei libre uztekoa alegia. Hori dio Gorka Urbizuk bazterrak astindu dituen azken lanaren “Teoria bat” kantarekin, «gazteak bakarrik, libre» erraten badu ere. Tira, «Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude» ere kantatzen du, baina honek ez nau hainbeste harritu, ezen aspaldi leitu bainion Paulo Freireri, eta agian, horretxegatik alda ditzakegula ere bai, hau beti presente ukan dut egiteko moduetan. Irakurtzeko desiran dabilenari Freireren “Pedagogía do oprimido” aholkatzen diot, zapalduaren pedagogia, beharrezkoa baitzaigu bizi dugun garai honetan, zorionak eskaintzen ditugula ia motiborik gabe.