GARA Euskal Herriko egunkaria

Primarioen lehen egunerako, lehiakide bakarra geratu zaio Trumpi

Ron DeSantis, berriki arte Alderdi Errepublikanoaren itxaropen handiena zena, hautagaitzarako lehiatik erretiratu da, oraindik lehen hauteskunde primarioa egin gabe. Gaur dira, izan ere, New Hampshireko hauteskunde primarioak, eta Donald Trump presidente ohiak Nikki Haley izango du lehiakide bakarra.

Nikki Haley eta Donald Trump, Etxe Zurian, 2018ko urriaren 9ko argazki batean. (Olivier DOULIERY | AFP)

Donald Trumpik gabeko trumpismoa Etxe Zurira eramateko faboritoa izan da luzaroan DeSantis. Duela urtebete, midterm hauteskundeetan errepublikanoek izandako erdipurdiko emaitzen ostean, Trumpen jarrera toxikorik gabe baina hura bezain ultra -edo are muturrekoagoa- izan zitekeen hautagai gisa hauspotu zuten. Hamabi hilabete geroago, kanpaina bat nola ez egin aztertzeko adibide bezala geratu da Floridako gobernadorea.

Batetik, Trump eskuinetik aurreratzeko ahaleginean, itsutasun politikoa erakutsi du, abortu eskubidearen aurkako neurri gogorrak hartuz bere estatuan, «ez esan gay» lege baztertzailea ezarriz eskoletan, eta Floridan milaka lanpostu sortzen dituen Disney konpainiaren aurka ere eginez. Iowako caucusetan ohorezko bigarren lekua lortu zuen, Trumpen oso atzetik, baina Nikki Haleyren aurretik; bizirik irten zela zirudien, baina azkenean etsi du. Luzaroan faborito nagusia izanda, Trumpen eraso, irain eta burla askoren jopuntuan egon da. Eta presidente ohiak umiliatu dituen beste errepublikano askoren gisara, erretiran Trumpen aldeko botoa eskatu du DeSantisek primarioetarako.

Duela bost hilabete, zortzi politikari errepublikano izan ziren Fox kateak egindako lehen eztabaidan; eta Trumpek ez parte hartzea erabaki zuen. Joan den asteko Iowako caucusetan agerian geratu zen presidente ohiak bete-betean asmatu zuela, sekulako garaipena lortu baitzuen, babesen erdiak baino gehiago bereganatuta. Azken astean erretiratu diren hautagaietatik bik (Vivek Ramaswamyk eta Ron DeSantisek) Trumpen alde egin dute, eta ia botorik lortu ez zuen Asa Hutchinsonek Haleyren alde.

Nikki Haley Hego Carolinako gobernadore ohia, beraz, Trumpen alternatiba bakar bihurtu da primarioetan. Gaurko bozketan berebiziko indarra jarri du Haleyren kanpainak, babesetan gorantza etorri eta itxaropen handia piztu baitu zenbait sektoretan. Trumpekiko berdinketa ere iragarri zuten duela egun batzuk egindako inkestek, baina azken galdeketek berriz ere presidente ohiari 10 puntu baino gehiagoko aldea iragarri diote. Iowako caucusetako garaipen handia nahi du Trumpek, Haleyk bere emaitzak bikoiztuta ere %40tik behera geratuko litzatekeela jakinda. Hortik gora, Trumpengana hurbiltzea bera, bultzada litzateke Haleyrentzat. Trumpi nagusitzea, erabateko ezustekoa litzateke.

TRUMPEN TAKTIKA ZAHARRAK

Hilabeteotan agerian geratu da Trump eta bere jarraitzaileak jaun eta jabe direla Alderdi Errepublikanoan, ustez stablishment-ak beste hautagai batzuk hobetsiko balitu ere. New Hampshiren Haleyk gorantz egin ahala, ohiko taktikak erabili ditu Trumpek: nahasmena sortzeko gezurrak. Adibidez, esatea Haleyren bultzada demokratek bere alde bozkatuko dutelako dela; ez da egia, alderdi baten erregistratuta daudenek ezin dute beste alderdi bateko primarioetan parte hartu, baina inon erregistratuta ez daudenek bai, eta hortik tiraka eraiki du Trumpek mezua. Bestetik, Barack Obamaren aurkako neurri xenofoboak berritu ditu Haleyren aurka ere: lehenaren izen osoa esan ohi zuen gisan (Barack Hussein Obama, erdiko izenaren hots musulmana nabarmenduz), «Nimbra» deitu dio aurkari errepublikanoari, haren lehen izena (Nimarata) desitxuratuz. Era berean, Obamaren aurka egin zuen legez, atzerritarra dela eta ez duela presidente izaterik iradoki du. Indiako sikh-ak ditu Haleyk gurasoak, baina Hego Carolinan jaiotakoa da bera.

Ezinbestean, Nikki Haleyren inguruan bildu da Trumpen aurkako boto errepublikanoa. Iraganean kritikoagoa izan zen arren (Kapitolioaren aurkako erasoa salatuz, esaterako), presidentea izateko hautagaitza iragarri zuenetik, anbiguotasun kalkulatu batez dihardu Haleyk, Trump nahi ez dutenengana iritsiz, baina Trumpen zaleak askorik amorrarazi gabe. «Garai baterako presidente egokia izan zen, baina orain beste garai batean gaude», izan da maiz aipatu duen leloa. Horrekin batera, Joe Bidenen adinarekin lotu izan du Trumpena, belaunaldi gazteagoen sasoia dela aldarrikatuz. Azken egunotan, biek aizkorak zorroztu dituzte elkarren aurka, eta, Trumpen lapsus baten ondorioz, burutik ere ondo dabilen galdetu du asteburuan Haleyk. Bi finaletako lehena dauka gaur. Hurrengoa, hilabete barru izango du Hego Carolina bere estatuan; etxean irabazi gabe nekez lortzen baita presidentegaia izatea. Gero, martxoko super-asteartea eta Trumpen aurkako epaiketak hasiko lirateke. Baina primario errepublikano hauetan Trumpen kontrako lehian mantentzea aski garaipen izan liteke.