JAN. 24 2024 KOLABORAZIOA Lenin gogoan Andoni OLARIAGA Iratzar fundazioko kidea Tariq Ali idazle pakistandarrak kontatzen du Lenin hil ondoren buro politiko sobietarrak momifikatzeko hautua egin zuela, familiaren erabateko ukoarekin. Stalinek Leninen figura erabili nahi zuen, bien artean jarraitutasun historiko eta politikoa zegoela adierazteko. Izan ere, behin hilda, pertsonaren ondarea manipulatu eta nahieran erabil daiteke, jakina. Ezin dena da, hil zela ehun urte pasatu diren honetan, pertsonaren garrantzia eta handitasuna ezabatu. Komunikabide handietan asko idatziko da aurten pertsonaia historikoaz. Gehien entzungo dena Iraultza sobietarraren eta ondoren etorriko zen Stalinen gobernuaren erresonantzia izango da, ziur aski. «Figura handia, baina polemikoa», komunikabide handien sakoneko mezua izatea esperotakoa da. Gutxiago entzungo da Leninen ekarpen politiko eta ideologiko aberatsaz, sozialismoaz eta demokraziaz gogoetatu zuenaz, estatuaz eta iraultzaz idatzitakoaz edo Parisko komunaz zuen miresmenaz. Eta are gutxiago adituko da, ziur aski, Nadia Krupskaia hezkuntza sistema sobietarraren sortzaile eta Leninen emazteaz, bere azken urteetan gaixo zegoela zaindu zuen horretaz. Inork ez du ukatuko, ordea, Lenin XX. mendeko figura handienetako bat izan zela, mundua aldatuko zuen 1917ko iraultzaren dirigente nagusietako bat izan zen heinean. Hori esanda, ezkerraren tradizio historikoan Lenin da, ziur aski, Marxen ondoren gehien aipatu eta estudiatu den pentsalaria. Eta erraza da sumatzen, halako pertsonaia historikoen inguruko irakurketa gaurkotuak egitearen arriskuak handiak direla, oso. Izan ere, batetik, Lenin aski erabilia da gaur egun tradizio politiko hainbaten mundu ikuskera eta hautu politikoak justifikatzeko. Ez da inor salbu hori egiteaz, idazten dabilena barne. Bestetik, Stalinek egin bezala, Leninen ekarpenak momifikatzeko saiakerak etengabeak dira: «benetan» esan zuena irakurketa desbideratuetatik defendatzekoa. Ezkerraren tradizioa baita eztabaida teologikoetan bilatzea bere porroten kontsolamendua. Batzuei Lenin filosofoa interesatzen zaie, besteei ekintzailea; batzuei pragmatikoa zena, besteei iraultzaile erradikala; batzuei ezker infantilaren kritikari zorrotza, besteei burgesiaren zartailua; batzuei mundu gerraren kontrako ekintzailea, besteei pazifismoaren kritikaria; batzuei nazioen autodeterminazio printzipioaren defendatzaile irmoa, besteei nazioarteko proletariotzaren batasunaren babeslea. Zein da egiazko Lenin? Bada, ez bata, ez bestea; eta guztiak batera. Egin ezin dugun bakarra baita, keinu anakroniko zakar bat eginez, soilik guri interesatzen zaigun Lenin erreskatatu eta gure gaurko hautu eta erabakiak justifikatzeko erabiltzea. Aitzitik, Lenin bezalako pentsalari eta ekintzaile handiei egin ahal zaien omenaldi onena ez da esan zutena hitzez hitz egungo errealitatera aplikatzea. Omenaldi onena bakoitzak bere herrialde eta testuinguruan eraldaketa prozesuak aurrera eramatea da; Leninek iraultza pentsatu eta egin egin baitzuen, zegoen lekutik, zegoen zirkunstantzietatik abiatuta eta horiei erantzunez. Bere teoriak, filosofia (enpiriokritizismoa eta materialismo dialektikoa) eta praktika, garaiko semeak dira. Ezin bestela izan. Baina bada zerbait, denbora gabekoa, Leninen ekarpen guztien bihotzean aurki daitekeena: jendartearen taupada entzun, deszifratu eta eraldatzeko erakutsi zuen gaitasuna. Mende baten ostean, Vladimir Ilich Ulianov Lenin erreibindikatu beharra dugu, ezkerraren tradizioaren pentsalari eta ekintzaile handi bezala. Eta errebindikatu ere bere ondarea: aldaketaren esperantza eta sinesmena, edo bestela esanda, ezinezkoa zirudiena posible izan daitekeela erakutsi zigun pertsona.