GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Valverdek badaki nola aurre egin Bartzelonari San Mamesen irabazteko

Zuri-gorrien entrenatzaileak talde katalana mendean hartu zuen 2013an Ligan, 2015ean Superkopan eta 2017an Kopan. Izan ere, Athleticek azken hamabost urtean lortutako zazpi garaipenetatik hirutan bilbotarren aulkian eserita egon da.

Valverde, Adurizi azalpenak ematen, Bartzelonaren kontrako partida batean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ernesto Valverdek ezer gutxi ezagutarazi nahi izan zuen gaur gauean (21.30, La1) Bartzelonari aurre egiteko buruan dauzkan asmoen inguruan. Gasteizen hazitako entrenatzailea egin beharreko jokoaz «kezkatzen» da, eta ez dio aurkariari inolako laguntzarik eman nahi. «Gau handi bat» izateko itxaropenarekin dena emango dutela da ziurtatu zuen bakarra.

Horrekin batera, talde katalanaren maila goraipatu zuen. Azken jardunaldian Betisen zelaian erraz gailendu ziren (2-4) eta, lesionatu ugari dituzten arren, bost partida bakarrik galdu dituzte denboraldian zehar. Egungo liga txapelduna dela gogora ekarri zuen eta, bere ustez, Kopa irabazteko hautagai nagusia dela.

Bartzelona Kopako titulu gehien duen taldea da gaur egun. 31 aldiz irabazi du, hain zuzen ere. Zuri-gorriek, berriz, 24 Kopa dituzte, baina 1984tik ez dute txapelketa irabazi. Maradonaren Bartzelona garaitu zuten Clementeren mutilek Endikaren gol bati esker. Borroka batekin amaitu zen oroimenean iltzatutako partida hura.

Azken hamabost urteetan zazpi aldiz gailendu da Bartzelona txapelketan. 2021ean, 2015ean, 2012an eta 2009an Athletic garaitu zuen finalean. Horrez gain, zuri-gorriak Kopatik at geratu ziren talde katalanaren aurka 2011n, 2016an eta 2017an. Kanporaketak bi partidara jokatu ziren urte horietan.

Athleticen eta Bartzelonaren arteko lehia oso ohikoa izan da 2009ko Kopako finalaz geroztik. Horren erakusgarri da 45 aldiz neurtu dituztela indarrak txapelketa ezberdinetan. Emaitzak katalanen aldekoak dira nabarmen, 29 garaipen lortu baitituzte; zuri-gorriek, ordea, zazpi bakarrik. Horietatik sei San Mamesen izan dira, eta hirutan Valverde eseri zen aulkian.

ADURIZEN GOLAK

Zuri-gorrien entrenatzaileak ondo baino hobeto daki zer egin behar den Bartzelonari irabazteko. Ondo ezagutzen du talde katalana. Jokalari eta entrenatzaile ohia izateaz gain, Bartzelonaren aurka egin zuen debuta Lehen Mailan 2003an. Hala ere, hamarkada bat itxaron behar izan zuen lehen garaipena lortzeko. 2013ko abenduan izan zen, Ligako 15. jardunaldian. Bilbotarrak Iker Muniainek bigarren zatian egindako gol bati esker gailendu ziren (1-0). Txapeldunen Ligarako sailkatu ziren denboraldi amaieran.

2015eko abuztuan erdietsi zuen garaipenik gogoangarriena, garaiezina zirudien Messi argentinarraren taldearen kontra. Superkopako finaleko joaneko partidan 4 eta 0 irabazi zuen Athleticek etxean. Mikel San Josek zelai-erditik egin zuen gola eta Adurizek sartu zituen beste hirurak. Zuri-gorriek titulua irabazi zuten Camp Noun berdindu ostean.

2017ko urtarrilean heldu zen Kopan Valverdek Bartzelonaren kontra erdietsitako hirugarren garaipena. Athleticek 2 eta 1 irabazi zuen Errege egun bezperan jokatutako partidan. Adurizek eta Iñaki Williamsek egin zituzten golak, baina Messik bigarren zatian egindakoa erabakigarria izan zen, Camp Noun jokatutako itzulerako norgehiagokan talde kataluniarra 3 eta 1 gailendu baitzen.

AZKEN KANPORAKETAK

Athletic finalerdiak jokatzeko sailkatu da azken lau denboraldietan. Hori aski ez eta ez du kanporaketarik galdu partida bakarrera. Bartzelonari irabaztea erronka zaila izango da, baina badaki nola egin daitekeen. Gaizka Garitanorekin bi aldiz lortu zuen.

Ligako lehen jardunaldian garaipena eskuratu zuen Adurizen gol batekin. 2019ko abuztuan jokatutako partida Aste Nagusiaren hasiera-festa moduko bat izan zen. Erdiko aurrelari ohiak sareetara bidali zuen azken baloia, txilena ikusgarri batekin. Ter Stegen atezainak sarritan esan du Aduriz izan dela gelditzeko aurrelaririk zailena berarentzat.

Valverde Bartzelonaren aulkian eseri zen. Kaleratua izan ostean, Kopako final-laurdenetako kanporaketa iritsi zen 2020ko otsailean. Zaldibarko zabortegia erori zen egun berean, Iñaki Williamsek garaipenaren gola eskuratu zuen azken jokaldian. Bederatzi zenbakia Euskal Herrira itzuliko da datozen orduetan, Ghana Afrikako Kopatik kaleratua izan baita.

Athletic Kopako finalera iritsi zen denboraldi horretan, baina urtebete beranduago jokatu zen pandemiagatik. Marcelinok Garitano ordezkatu zuen 2021eko urtarrilean, eta Superkopa irabaztea lortu zuen finalean Bartzelona garaituz (2-3). 2022ko Kopan ere emozioz beteriko kanporaketa batean garaile atera ziren zuri-gorriak entrenatzaile asturiarrarekin, 3-2, Muniainek penaltiz luzapenean lorturiko golari esker.