GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETAK

Mont Blanc-i boikot egitea eskatu dute Kilian Jornet eta Zach Miller lasterkariek

Sona handiko bi lasterkari hauek esan dute Ultra Trail Mont Blanc-eko antolatzaileekin egindako bileren emaitzek bultzatu dituztela boikot deia egitera. Goi mailako beste kide batzuei «lehia alternatibo» batean parte har dezatela iradoki diete.

Kilian Jornet korrikalari katalana, 2022ko Zegama-Aizkorri lasterketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Oso zabala den iritzi bat baino ez dugu errepikatuko: eliteko ordezkari gehienek zein lasterkari herrikoiek munduan sona handia duen Ultra Trail Mont Blanc lasterketa korritu nahi dute. Baina Chamonixen egoitza duen kirol ekimen erraldoi hori alde batetik eta bestetik oztopoak jasotzen ari da.

Kirol ikuspuntutik egundoko arrakasta izaten du. Iazko datuei begiratzea aski da. Distantzia ezberdinetan antolatutako lasterketetan 10.000 korrikalarik parte hartu zuten. Ikusleen kopuruak ere edonor ahoa bete hotz uzten du: 100.000.

Baina iazko hogeigarren ekitaldiak lehen «kolpea» jaso zuen; izan ere, UTMBeko babesle berriak, Dacia auto markak, kritikak sortu zituen milaka korrikalariren artean. The Green Runners taldeak bultzatu zuen kanpaina hori.

Orain, berriz, eliteko bi ordezkari UTMBeko antolatzaileen aurrean jarri dira. Biek ala biek badakite zer den 166 kilometro duen ultra horretan irabaztea eta lehen postuetan amaitzea. Hots, lasterketa hori oso ondo ezagutzen dute barrutik. Kilian Jornet katalanari eta Zach Miller estatubatuarrari buruz ari gatzaizkizue.

Bi protagonista horiek gutuna bidali diete eliteko makina bat kideri, eskatuz heldu den abuztuan jokatuko den edizioan parte har ez dezaten. Eta, horren ordez, «lehia alternatibo» batean egon daitezela.

HAINBAT BILEREN OSTEAN

Jornetek eta Millerrek argi utzi nahi izan dute ez dela arinkerian oinarritutako erabakia izan. Antza denez, UTMBeko antolatzaileekin hainbat bilera izan dituzte, eta ez omen dute adostasun orokorrik lortu. Finaletan parte hartzeko klausula asko, sailkapenetako lehietan saririk ez, izen-ematea ordaindu behar… Finean, ekimen horrek hartu duen ibilbidea salatu nahi dute.

Antolatzaileen jarrera hori aldatu ahal izateko, hots, presionatzeko, katalanak eta estatubatuarrak eliteko ehun kideri baino gehiagori gutuna bidali diete: «Lehen urratsa zuekin egin nahi dugu, ahalegin guztiak zentratuago egon daitezen. Idazten dizuegu eskatuz denboraldi honetan UTMB ez den beste lasterketa batzuetan parte hartzeko konpromisoa hartzeko. Aitortzen dugu lasterketa handia dela UTMB, eta antolatzaileek ultra running-aren alde asko egin dutela. Horri esker, lasterkari bikain asko, hedabideak eta makina bat ikusle erakartzen ditu. Eta argi dugu ere munduko txapelketa izaera duen lehia antzeko bat bihurtu dela. Hori ona da, baldin eta hazkunde hori osasuntsua eta positiboa bada. Baina, zoritxarrez, UTMBek, UTMB Groupek eta Ironman taldeek hartu duten norabideak kezka sortu digu».

PRESIOA AREAGOTU

Jornetek eta Millerrek ez dute salatu nahi lasterketen inguruan dagoen negozioa, baina gehitu dute irabazi horiek ondo kudeatu behar direla, besteak beste, lasterkariak zainduz eta kritikatzen dituztenak errespetatuz.

Laburrean esanda, bi lasterkariok nahi dute negozio hori ondo gestiona dezatela: «Errespetua inportantea da. Ondo dago irabaziak izatea, baina diru horrekin haien buruei galdetu behar diete ea zer egin dezaketen trail runninga bere osotasunean hobetzeko. Uste dugu gai horretan ez dutela lan ona egin. Norabide hori bide onera ekartzeko egokia izango litzateke elkarren ondoan esertzea eta gaiari buruz hausnartzea. Baina beldur gara jarrera hori ez ote duten aldatuko. Horregatik, eliteko kirolariak garen neurrian, uste dugu ahotsa altxatu eta antolatzaileek duten ardura horretan presionatu behar dugula».

Presio hori areagotzearren, gutunaren sinatzaileek diote atsekabe hori helarazteko bide zuzenena eliteko korrikalariak batu eta iritzia elkarrekin ematea dela. Eta horrekin guztiarekin dei oso berezi bat egiten dute: «UTMB lasterketaren irteera puntura hamabost lasterkari onenak (neskak zein mutilak) aurkezten ez badira, garaipena izango litzateke. Horren ordez, beste lasterketa alternatibo batean parte hartzea eskatzen dizuegu. Baina, lehenik eta behin, zuen iritzia jaso nahi dugu. Antolatzaileei adierazi behar diegu prest gaudela elkarrizketan jarraitzeko eta hurrengo urratsen inguruan eztabaidatzeko. UTMB ekimenari ez diogu gorrotorik, hori jakin behar dute. Soilik presioa egin nahi diogu, aldaketa positiboa egin dezan».

Boikoterako dei honen aurrean, Ultra Trail Mont Blanceko antolatzaileek «eztabaida irekiak eta eraikitzaileak» izatea eskatu zuten. «Tinko sinesten dugu eztabaida ireki eta eraikitzaileen balioan, komunitate osoarentzat onuragarriak diren konponbideak aurkitzeko», adierazi zuen Catherine Poletti presidenteak AFPri bidalitako ohar batean.