GARA Euskal Herriko egunkaria

Tenpora taldeak «Ama» diskoa aurkeztu du, sei abesti berriz osatutako lana

Tenpora taldeak hamar urte bete ditu aurten eta, urteurrenarekin batera, laugarren diskoa plazaratu dute: «Ama». Sei kantu berri eta aurrez jotzen zuten baten bertsioa bildu dituzte diskoan. Taldearen izaerari eutsiz, zuzeneko kontzertuetarako gogoz daude.

Tenpora taldeak laugarren diskoa aurkeztu zuen atzo. (Jon URBE | FOKU)

Duela hamar urte sortu zen Tenpora musika taldea, eta urteurren biribilean, kaleratu dute laugarren diskoa: “Ama”. Atzo aurkezpena egin zuten Donostian. Bi harik zeharkatzen dute diskoa: pandemiak eta amek.

Hasier Oleagak, Itsaso Etxebestek, Juantxo Zeberiok, Beñat Barandiaranek eta Elene Arandiak osatzen dute Tenpora, eta beraien sorkuntza prozesua ere taldean ulertzen dutela kontatu zuten: «Kantuak sortzeko gure prozesuaren oinarria talde lana da». Letrak, aldiz, Karlos Linazasoro eta Harkaitz Canorenak dira.

Hamar urte eta lau disko izan badira ere, Elene Arandia abeslariak kontatu zuen bost musikariak elkartzearen arrazoia berbera dela oraindik ere: «Egunerokoan egiten ez duguna egitea, musikari denbora eskaintzea, gustatzen zaigulako». Lan berrian bilakaera bat sumatu daitekeela azaldu zuen abeslariak, baina izaera eta helburua mantentzen dituztela: gozatzea.

Aurrez bi single atera zituzten arren, taldekideek iragarri dute diskoarekin batera plazaratuko dituztela «single berria eta diskoari aurpegia jarriko dion bideoklipa».

“(Ia) aholkurik gabeko eskutitza” kantuari egin diote bideoklipa, eta aitortu zuten inoiz ez dituztela horrenbeste baliabide jarri bideoklip bat egiteko.

Estiloaz den bezainbatean, ez zuten aurreratu nahi izan entzuleak zer aurkituko duen: «Ez zaigu gustatzen diskoa deskribatzea, bakoitzak bere interpretazioak egin ditzan nahi dugu».

AMA, ADIERA UNIBERTSALEAN

Bi kantuk dute ‘Ama’ izenburutzat, eta baita diskoak berak ere.

Zeberiok aitortu zuen bere ama hil zen unean konposatzen ari zirela, eta hasieran zalantzak izan zituztela izenburu hori jartzearekin: «Ez genuen gehiegi pertsonalizatu nahi», baina, azkenean, «ama» kontzeptua unibertsala ere badela erabaki zuten.

«Gauza asko laburbiltzen ditu ama kontzeptuak: ama lurra, bizi emailea, denok dugu ama bat, emakumea…», aipatu zuen Zeberiok. Eta disko honen konposizioa bere amaren heriotzari guztiz lotuta joan dela azaldu zuen: «“Ama” kantuaren bertsioa etxean pianoarekin grabatzen ari nintzenean, ama hil zela esanez deitu zidaten. Elementu askok ekarri du izen hau izatea».

Kantuetan, ordea, ez da bere amaren heriotza bakarrik ageri; izan ere, “Faltan sumatzen dut” abestiaren letra Linazasororena da. «Garai batean egunero soneto bat bidaltzen zigun Karlos Linazasorok lagun batzuei. Nik bat inprimatu egin nuen, eta pianoaren gainean izan dut denbora luzean. Ama hil zenean, hartatik kantu bat egin behar nuela bururatu zitzaidan», kontatu zuen, eta Linazasororen ama hil zenean egindako sonetoa dela zehaztu.

Grabaketari dagokionez, prozesu luzea izan zela esan zuten, urtebete iraun du: «Patxadaz eginiko lan bat izan da. Lehendabizi oinarrizkoa denok batera grabatu genuen, eta ondoren joan gara bakarkako grabaketak gehitzen». Aitor Etxebarriaren lana goraipatu zuten, bera izan baitute bidelaguna: «Kontzienteki eta gustura aukeratu genuen Etxebarria, eta bere esku hartzea nabari da diskoan».

ZUZENEKOAK

«Tenpora zuzeneko talde bat da, gure indarra eta gai guztia zuzenekoetan dago», adierazi zuen Barandiaranek, eta beraien lehen kontzerturako gogo biziz daudela gaineratu; martxoaren 15ean izango da, Tolosako Leidor aretoan.

Taldean bost badira ere, aurreneko kontzertu horretan lau gonbidatuk harizko musika tresnak joko dituzte, eta koroak egingo dituzte beste bi abeslarik. Taldekideen ustez, «diskoaren sonoritateagatik» merezi du.