Txoli MATEOS
Soziologoa
JOPUNTUA

Aniztasuna

Lagun batzuekin nengoen Gazako sarraskiaren kontrako manifestazio batean. Gure aurretik emakume gazte talde bat zihoan, denak belo musulmana jantzita. Halako batean, gutako batek esan zidan urduri ipintzen dela belodun emakume bat ikusten duen bakoitzean. Ohartzen da ez dela oso zuzena, baina ezinegona eragiten omen dio. Gehiengo musulmana duen herri baten alde ari ginela erantzutear egon nintzen. Isilik geratzea erabaki nuen.

Laguna ez da abertzalea, baina bai ezkertiarra. Eta sozialismoak, feminismoak eta errepublikanismoak bezala, laket du berdintasuna. Tradizioz, onartezinak dira diferentziak. Aipatu dudan iruzkina adibide garbia da, ezkerraren osagaietako bat laikotasuna baita eta gazte musulman haien janzkera erlijiozko sinesmen baten adierazpena da. Feminista batzuentzat, belo musulmana emakumearen zapalkuntzaren sinboloa baino ez da. Baina ultraeskuina ere mesfidati da aniztasunaz; hortik migrazioaren kontrako jarrera xenofoboak. Agian, horregatik, ezkerra izaten da gure artean kultura-aniztasuna aberasgarria dela sutsuen baieztatzen duena. Susmoa dut gehiegi pentsatu gabe esaten dela, zeren horren ondorioa litzateke kulturalki homogeneoak diren gizarteak moralki pobreagoak direla? Ez dakit, bada.

Behin esan nuen aniztasuna ez dela ona edo txarra, demokratikoki kudeatu beharreko egoera bat baino. Eta lagun filosofo batek errieta egin zidan: aniztasuna balio morala dela erantzun zidan. Eta halaxe da. Proiektu jakin batek biodibertsitateari kalte egiten diola salatzen dugunean natura-aniztasunari men egiten ari gara. Edo hizkuntza gutxituak galtzen ari direlako pena adierazten dugunean, kultura-aniztasuna balioesten ari gara. Bakantasunari, berezkotasunari eta aniztasunari balioa ematen diete ekologismoak eta nazionalismoak, adibidez.

Euskal Herria anitza da. Iraganean ere izan da, hainbat hizkuntza eta erlijio bizi izan baitira batera mendeetan zehar. Aniztasuna onartzen badugu, etorkizun kulturalki homogeneoa irudikatu behar dugu?