GARA Euskal Herriko egunkaria

Pestiziden eta uraren gaineko murrizketen kontra dago Fnsea

Nekazarientzat lan baldintza duinak aldarrikatzea xede duen protesta abiatu zenetik astebetera jakinarazi dute Fnsea eta Laborari Gazteak-ek beren aldarrikapenak zehazten dituen taula. Ingurumenaren eta osasunaren aldeko zenbait neurri kentzea exijitzen dute.

Nekazariak, Baiona parean, A-63a blokeatzen. (Patxi BELTZAIZ)

Frantziar Gobernua nekazarien haserrea baretzeko formulak aztertzen ari zen bitartean, Fnsea eta Laborari Gazteak sindikatuek aurrera jarraitu zuten atzo protestarekin. Are gehiago, «erantzun zehatzak» berehala jaso ezean, gaur bertan Pariseko sarrera-irteerak blokeatzeko prest agertu ziren sindikatuak.

Oise departamendutik abiaturiko «traktoreen segizioa» hiriburu frantsesetik 50 bat kilometrora zegoen atzo.

Joan den astean Okzitanian piztu zen protesta ez dirudi itzaltzetik gertu dagoenik. Haatik, sindikatuek jakinarazi duten aldarrikapen taula irakurrita, gatazkak luze jo dezakeela pentsa daiteke.

Izan ere, nekazaritza-ustiategien jabeak ordezkatzen dituzten bi sindikatu horiek orain arteko aldarrikapen ekonomikoei frantziar eta europar legeekin talka egiten duten proposamenak gehitu dizkiete. Hain zuzen, auzitan jartzen dituzte osasuna eta ingurumena babesteko Bruselak zein Parisek aitzineraturiko arauak. Esaterako, pestizidak erabiltzeko debekuari luzamendua ezartzea eskatzen dute. Ildo beretik, frantziar Estatuan indarrean dagoen protokoloa, zeinak etxebizitza edo erreken inguruko eremu zehatz batean produktu horiek erabiltzea debekatzen duen, bertan behera uztea galdetzen dute sindikatuek. Eskakizun horiekin kolokan jartzen dute Parisek finkaturiko helburu bat; hain zuzen ere, hemendik 2030. urtera bitartean pestiziden erabilera erdira murriztea.

Horrez gain, lehortea delarik, ur iturrien ustiapenari ezarritako mugak bertan behera uztea nahi lukete Fnseak eta bere kimua den Laborari Gazteak sindikatuak.

Pestiziden erabilera murrizteko ekimena 2008an abian eman zuen frantses Estatuak; uraren erabilera antolatzeko plana, berriz, 2021ean jarri zen indarrean.

Bi neurri horiek alboratzea galdetzen dute atzo, hirugarren egunez, Baiona parean A-63 autobidea blokeatu zuten sindikatuetako kideek. Aurreneko egunetan bezala, Poliziak ez zuen protesta oztopatu.

Mobilizazioaren bultzatzaileen erranetan, aipaturiko neurri horiek alboratuz eta, oro har, kontrolak malgutuz «frantziar nekazariek atzerritik heltzen diren mozkinei konpetentzia egiteko gaitasuna berreskuratuko lukete».

ZERGAK ETA ERREGAIAK

Arlo ekonomikoari buruz beste hainbat galde egin dute sindikatuek. Lehenik eta behin, elikaduraren balio-katea errespetarazteko aldarrikaturiko Egalim Legea bete dadila eskatu dute; kasu horretan, bai, «kontrol zorrotzak» beharrezkotzat jotzen dituzte.

Era berean, NPB Nekazaritza Politika Bateratuko kutxatik heltzen diren diru-ekarpenak berehala banatzea eskatu dute, baita abereen gaixotasunak edota uzta galtzeak konpentsatzeko kalte-ordainak ere. Finean, diru-sarrera horiengatik eta erregaiarengatik zergarik ordaindu behar ez izatea exijitzen dute.