GARA Euskal Herriko egunkaria

Urte oparoa, erronka berriak ate joka dituen musika sektorearentzat

Euskal musikaren sektoreak aho-zapore onarekin itxi du 2023a. Hori da Musika Bulegoak egindako hausnarketatik atera duen ondorioa, baina datu onek ez dute itsutu errealitate osoaren aurrean: eredu berrietara egokitzea, lan baldintzak hobetzea eta lankidetza indartzea dituzte erronka.

Gatibuk Miribillan eskainitako kontzertu jendetsua. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Musika Bulegoak (Ehmbe) Euskal Herriko musika sektorearen 2023ko balantzea aurkeztu du. Hausnarketa kolektiboko ariketa bat eginez, hainbat eragile galdekatu eta ondorioak aho-zapore ona utzi diela aitortu dute: «Industria, artistak, kontzertu-aretoak, grabazio-estudioak, diskoetxeak eta musikagileak bat datoz 2023a zuzeneko musikarentzat urte ona izan dela». Jaialdien sendotzeak, disko nobedadeek, programazioaren gorakadak eta musika proposamen berriek «ziklo berri baten hasiera» markatu dute 2023an, «pandemian sortutako ziurgabetasunak atzean utziz», eta, hala, industriak fakturazio-zifra hobeekin amaitu du urtea: Durangoko Azokak 173 disko berri hartu zituen, aretoetara publiko gehiago iritsi da, konposizioaren esparruan lan berriak argitaratu dira eta euskarazko musika proposamenak ugaritu egin dira, Musika Bulegoaren esanetan. «Hori guztia musikaren eszenak duen osasun onaren isla da, lorpen handiak egin baititu», ospatu dute, «baina erronka garrantzitsuei ere aurre egin behar die», jarri dute azpimarra.

SORKUNTZAREKIN KONPROMISOA

Ehmbe-k sektoreko hainbat eragileren hausnarketak plazaratu ditu. Esaterako, Zuriñe F. Gerenabarrena konpositorearen ustez, musika garaikideko zikloak finkatu, obra berriak aurkeztu eta orkestrek enkarguak izan dituzte. Interprete zein konpositoreek sorkuntzarekiko erakutsitako «konpromisoak» musika panorama «aberastu» egin duela nabarmendu du, baina belaunaldi arrakala ere izan du hizpide; «hezkuntza-bultzada bat eta erakundeek laguntza puntualak baino gehiago ematea» ezinbestekoa dela baieztatu du.

Elkar Musika zigilutik Andres Camio ‘‘Jitu’’ argitaratzaileak hau ekarri du gogora: «Streaming-a nagusitzen da musika kontsumitzeko medio lez, eta, beraz, formatu fisikoko salmentek behera egiten jarraitzen dute; fabrikazio-kostuen igoera geldiezina jasaten jarraitzen dugu».

Kontzertu aretoek irakurketa baikorra egin dute, bi arrazoi emanda: «Aretoetara datozenenen kopurua handitu egin da eta tokiko taldeen programazioa ere bai», nabarmendu du Gotzon Uribek, Kultura Live Euskal Herriko Musika Aretoen Elkarteko presidente eta Bilboko Kafe Antzokiko programatzaileak. Erronka hazkunde hori «bermatzea» dela esan du. Amaia Ispizuak, Get Ineko promotore eta MIEko (Musika Industriaren Elkartea) lehendakariordeak, «ohitura aldaketa bortitzak, neurrigabeko inflazioa, ospe handiko jauzi izugarri azkarrak, kontzertuak bertan behera uztea sold out-ekin batera eta pandemiaren ondoren etengabe hazten ari den programazioa» aipatu ditu. Hori dela eta, «oraindik ezin da esan sektorea egonkortuta dagoenik», ohartarazi du.

Musikariek, bestalde, lan baldintzak hobetu eta sare egonkorrak sortzeko beharrean jarri dute azpimarra. Korrontziko Agus Barandiaranek argi esan du: «Datu bat falta da: zenbat musikari bizi diren beren arteaz». Industriaren «itxurazko oparotasunaren» eta musikarien lan baldintzen artean dagoen desberdintasuna nabarmendu eta «paradoxa hori onartzearen eta jorratzearen garrantzia» azpimarratu du. Sara Zozayak estilo aniztasuna areagotu eta euskarazko musika proposamen berriak sortu direla txalotu du, baina «musikan hasi berrientzat sare egonkorrago bat osatzeko beharra» aldarrikatu du.