Jon ORMAZABAL
PILOTA

Altuna eta Zabaletaren lesioek oso maldan gora jarri dute Asperen Binakako Txapelketa

Amezketarrak partida erdia jokatu zuen ezkerrez pilotarik jo ezinda, eta etxarrendarrak eskuin hankan zaintiratu bat izan zuen. Jaka eta Mariezkurrenak poltsikoan dute dagoeneko finalerdietarako txartela.

Mikel Urrutikoetxeak eta Jokin Altunak arazo fisiko desberdinekin amaitu zuten Bilboko partida.
Mikel Urrutikoetxeak eta Jokin Altunak arazo fisiko desberdinekin amaitu zuten Bilboko partida. (Oskar MATXIN_EDESA | FOKU)

Denbora luzez esne aparretan ibili ostean, alarma guztiak piztu dira Aspen bere bi pilotaririk erabakigarrienek atzoko jardunaldian min hartu ostean. Jasotako porrotak gogorrak izanda, Jokin Altuna eta Jose Javier Zabaleta txapelketaren une honetan galtzeak hankaz gora ipintzen du Binakakoa Eibarko enpresarentzat, bakoitza berean, egungo bi erreferentziak direlako. Bi pilotariak euren partidak amaitzeko gai izan ziren, baina amezketarrak ezker eskua izorratu eta partida erdia baino gehiago eman zuen esku horrekin pilotarik ukitu gabe, eta etxarrendarrak eskuin zangoan ziztada bat nabaritu eta erabat partidatik kanpo aritu zen. Bakoitzaren lesioaren nondik norakoen berri jakiteko mediku froga gehiagoren zain, zaila dirudi bietako inor hurrengo jardunaldian jokatzeko moduan izatea. Mikel Urrutikoetxeak ere, azkenerako, zaintiraturen bat izan zuen zangoan, baina beretzat txarra izanda, Zaratamokoaren lesioak ez du hainbesterako eraginik izango txapelketaren garapenean.

Txanpon beraren beste aldea litzateke oraintxe Baiko, jardunaldia borobila izaten ari baita euren interesentzat, Artola-Imazek Tolosan gaur egin dezaketenaren zain, bigarren posturako borroka betean direlako gipuzkoarrak. Jakak eta Eskirozek Labriten lortutako garaipenarekin, lizartzarrak eta Mariezkurrenak poltsikoan dute finalerdietarako txartela, Berriozarreko atzelariak batere presarik gabe osatu ahal izango du bere eskuin esku hori, eta hori guztia gutxi balitz, Josu Eskirozekin berme osoko atzelari bat dutela frogatu dute.

Altuna eta Zabaletaren lesiorik gabe, Ezkabarte-Makirriaingo atzelaria izango litzateke jardunaldiko protagonista nagusietako bat, partida bikaina osatu baitzuen, lautik airez eta ezkerrez txokoan dejadaz lortutako bi tanto ezin ederragoekin apainduta. Erik Jakak ere, bikotearen zama bizkarrean hartuta, lehia borobila osatu zuen, errematean asko asmatuz, baina Baikokoen lan onari Aspekoen lan kaskarrak distira handia kendu zion.

Izan ere, partida hasieran bikote nafarrak lehia azkar xamar hautsi zezakeela zirudien arren, Jose Javier Zabaleta bidean galdu zen, lehenengo lentillak zirela-eta, eta gero eskuin zangoan zaintiratu bat nabarituta; eta Peio Etxeberriak ere ez zuen zuzentzen laguntzen asmatu.

IA BI ORDUZ

Ez zen gorabehera gutxiago egon Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako ia bi orduko eta 941 pilotakadako lehian. Azkenerako, garaipena Laso eta Mikel Urrutikoetxeak eskuratu zuten, baina emaitza ia gutxienekoa izan zen, amezketarrak eta Zaratamokoak min hartuta amaitu zutela jakinda. Bizitza eta ibilbide osoa atzelari jokatzen eman balu bezala hasi zuen partida Mikel Urrutikoetxeak, eta Laso on batekin, markagailuan aurretik joan ziren partidaren lehen erdian, nahiz eta lehen atsedenaldi luzera Altuna eta Martija tanto bakarraren aldearekin joan (12-11). 2022ko txapeldunek zailena egina zutela zirudien, baina Jokin Altunari pilota bat sartu zitzaion ezker eskuan eta hortik aurrera partida sufrikario bat izan zen amezketarrarentzat, esku horrekin apenas jo baitzuen pilotarik amaiera bitartean.

Eta Martijarentzat ere antzeko, Altunaren gabeziez jabetuta, batere arriskurik hartu gabe, partida luzatu eta Etxeberrikoa etengabe zigortzera jokatu baitzuten Baikokoek. Azkenerako, puntua eskuratu zuten, baina tantoak luzatzearen estrategia hori garesti ordaintzeko zorian izan ziren, Mikel Urrutikoetxea izan baitzen fisikoki lehertu zena.