GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Artola eta Imazen une gozoak Baikoren asteburu perfektua borobildu du

Alegiarrak eta oiartzuarrak beste partida bikain bat osatu zuten atzo Tolosan eta bete-betean dira bigarren posturako lehian, Peio Etxeberria eta Zabaletarekin puntutan berdinduta. Ezkurdia eta Tolosa, aldiz, ia aurrera egiteko aukerarik gabe geratu dira.

Iñaki Artolak tantoa erraz amaitu zuen, baina defentsan ere lan ona egin zuen egokitu zitzaionean. (Jon URBE | FOKU)

Asteburu honetan bete dira bost urte Baikok Asegarce izateari utzi eta izen berria hartu zuenetik, eta hori ospatzeko edo, denbora tarte honetan Bilboko enpresak sekula lortu ez duten “pleno” bat borobildu zuten Artola-Imaz Ezkurdia-Tolosari nagusitasunez gailenduta (22-11). Estatistikak eta sailkapenak apurtzeko omen daude, baina zenbakiek gutxitan esaten dute gezurrik: atzo Beotibarren txapelketako bikoterik sasoikoenak eta euren antipodetan den batek egin zuten talka, eta indarrez zetozenek aurrera egin zuten besteak alboan utzita. Beste partida borobil bat jokatuta, alegiarrak eta oiartzuarrak zazpi partidetan euren seigarren partida irabazi zuten, azken bostak jarraian, eta jokoz bigarren postua lehiatzeko moduan daudela berretsiz.

Aurrean bezala atzean, Baikokoak Aspekoak baino askoz hobeak izan ziren denean, baina zenbakiak aipatuta, Artolak eta Ezkurdiak inork baino hobeto ezaugarritzen dute bikote bakoitzaren momentua. Alegiarra bere aspaldiko unerik onenean da, binaka ere tantoak amaitzeko zuloak erraz ikusten ditu eta eraginkortasuna ere oso altua izaten ari da azkenaldi luzean, nahiz eta atzokoan akatsen bat ere batu, batez ere hasiera partean. Joseba Ezkurdia txanpon beraren beste aldea da gaur egun, saiatu arren, tantoa amaitu ezinik jarraitzen du, abiadura eta presa maiz nahasten ditu eta aspaldian etsia hartuta bezala ikusten dugu kantxan, batez ere gauzak okertzen direnean. Maiz esan dugu ezker gantxoa dela arbizuarraren termometrorik fidagarriena, eta atzoko estatistikak ere argiak dira; tanto bakarra ere ez baitzuen sakandarrak airez amaitu, Iñaki Artolak, bere dohainik onena izan ez arren, 9 bildu zituen bitartean.

HASIERA ITXAROPENTSUA

Eta hori partida hasiera itxaropentsua izanik Aspekoentzat. Ezkurdia oso entxufatuta irten zen kantxara, erritmoa jarri nahian eta boleaz min eginez, Artolari ezkerrez pilota gozatzea kosta zitzaion bitartean. 4-1 ere aurreratu ziren beharrik handiena zuten pilotariak, baina ispilatze bat baino ez zen izan hasierako txanpa hori eta berehala eman zioten buelta Artola eta Imazek egoerari, oiartzuarrak egindako dejada eder batekin eta, batez ere, alegiarrak txokoan topatu zuen zuloarekin.

Laineza hartuta dabil Baikoko aurrelaria azkenaldian eta erraz ari da tantoa amaitzen, baina atzokoan, pilotari efektua emanda, min ikaragarria egin zion goitik behera egin zuen Joseba Ezkurdiari. Atzean ere pixkanaka-pixkanaka Ander Imaz Xabi Tolosari bizkarra erakusten hasi zitzaion, arbizuarrari jokoan sartzeko aukerak ere asko murriztuz, eta gogoko pilota batekin -nahiz eta aukeraketan Aspekoek apartatutakoa izan-, 10-0eko partzial batekin partida euren aldera eraman zuten nabarmen (5-12).

Alegiarrak intentzio osoz zabalera jotako sotamano eder batek txapa jota eten zen urdinen bolada, eta pilota biziago batekin, Ezkurdiak eta Tolosak egin zuten modua markagailuan gerturatzeko (10-13), nahiz eta kantxan ikusten zenak ez zien oso itxaropentsu jarraitzeko arrazoirik ematen, urdinei baino askoz gehiago kostatzen baitzitzaien tanto bakoitza amaitzea.

Eta inpresio hori erabat nabarmendu zen partidaren azken txanpan, non Baikoko bikote gipuzkoarra, konfiantzaz lepo, nahieran ibili zen larriak hartuta ibili diren Ezkurdia-Tolosaren aurka. Aurrean zein atzean, urdinak euren parekoak baino askoz gehiago izan ziren, eta ikusgarria izan da alegiarrak tantoak amaitzerakoan erakutsitako eraginkortasuna. Are gehiago Ezkurdiak erakutsitako ezinaren aurrean.

BERRIEN ZAIN

Asteburuko emaitza hauekin, etorkizuna dezente ilundu zaie Aspeko bikoteei, nahiz eta oraindik aukera ia guztiak zabalik diren, lehen eta azken bi postuak kenduta. Altuna eta Zabaletaren lesioen larritasunak zeresana izango du horretan.