GARA
KIGALI

Genozidiotik 30 urtera, biktimak aurkitzen jarraitzen du Ruandak

Ruandako tutsien aurkako genozidiotik 30 urte pasatu direnean, bertako biztanleek gorpuzkiak desobiratzen jarraitzen dute. Duela gutxi etxe baten azpian zegoen hobi komunagatik bost pertsona atxilotu dituzte, genozidioarekiko konplizitatea dela eta.

Herritarrak eta boluntarioak indusketa lanetan.
Herritarrak eta boluntarioak indusketa lanetan. (G. SARTORIO | AFP)

Pala, aitzur eta eskuarekin lurra mugituz, Ngoma herrixkako biztanleek garezurrak eta arropa zatiak aurkitzen dituzte. Ruandako genozidioa gertatu eta 30 urtera, sarraskien biktimen gorpuzkiak agertzen dira oraindik.

Aurpegia maskara higienikoz estalita duten ehun pertsona inguru Ngomako hegal batean lanean ari dira, herrialdearen hegoaldean. Bila ari diren bitartean, hezurrak -osorik edo zatika- lur okretik ateratzen dira. Lurretik atera ondoren, olana baten gainean jartzen dira edo zabor-poltsetan gordetzen dira.

«Orain arte 87 biktima aurkitu dira», esan du Andre Kamana Huye barrutiko alkate ondokoak, obrek zenbat iraungo duten zehaztu ezinik. «Induskatu ahala, gorpuzkiak dituzten geruza berriak aurkitzen ditugu».

Ruanda, Afrikako Aintzira Handien eskualdeko herrialde bat, XX. mendeko azken genozidioaren eszenatokia izan zen. 1994ko apiriletik uztailera bitartean, 800.000 pertsona inguru, gehienak tutsiak, sarraskitu zituzten gobernuak bultzatuta. Hutu etniakoak nagusi ziren Gobernuan.

«Genozidioan, gertuko errepide-kontrol bat zegoen tutsiak atxilotu eta hiltzeko», dio Goreth Uwonkundak, bilaketetan parte hartzen duen Ngomako biztanle batek. «Hau da, argi eta garbi, [hildakoak] jaurtitzen zituzten hobi komunetako bat».

«Hiltzaileek elkarren gainean lurperatu zituzten biktimak. Hezur handiak aurkitu ditugu, batzuk ukitu gabeak, baita garezur osoak ere», gaineratu du 52 urteko emakumeak.

«FAMILIA-SEKRETUA»

Hobi komunaren tamaina ezezaguna da, eta etxe baten orubean dago. Etxe hori eraitsi egin zuten bilaketak egin ahal izateko. Bertan bizi ziren bost lagun atxilotu zituzten, eta genozidioarekiko konplizitateagatik eta frogak ezkutatzeagatik ikertzen ari dira.

«Ikerketa urrian hasi zen, salatzaile batek agintariei etxe azpian hobi komun bat egon zitekeela jakinarazi zienean. Susmoa dugu etxean bizi zirenek bazekitela zer zegoen azpian, familiako sekretua zela», dio Napthali Ahishakiyek, Ibuka elkarteko presidenteak.

Gorpuzkiak aurkitzea ez da arraroa, azken bost urteotan 100.000 biktima baino gehiagoren gorpuzkiak aurkitu dira.