Maider IANTZI
SUNBILLA

Sunbildar guztiak ados daude: inauterietako igandea da egunik onena

Bizi osoko ohitura da jende aunitzentzat Sunbillako inauterietako desfilera joatea. 11 ezkilek bat egin dute etxafuegoarekin. Ongietorri ederra egin digute, jan-edana eskainiz eta, bereziki, bestan sarraraziz, gu ere parodiako pertsonaia bilakatzeraino.

Sunbillako jaiotzako aingeru bihurri bat.
Sunbillako jaiotzako aingeru bihurri bat. (Iñigo URIZ | FOKU)

Sunbillako inauterietako orga desfilean, lehendabiziko lana ikusteko zirrikitua topatzea izaten da, edo edozein altura, jendetza pilatzen baita. Aurreneko karrozak Ulibeltzak elkartearen tortilla beroa dakar inauterizaleen artean banatzeko; bigarrenak etxeko hezur salda (haurtzarora eramaten gaituena, arrautza egosi puskekin, lehenagoko neguan ederki sartzen zena, baina oraingo beroarekin ere gustura edan duguna); eta hirugarrenak taloa gaztarekin, gaztainak eta ardoa. Nola ez dugu hartuko Malerreka alde honetara etortzeko ohitura!

Flamenkoa dantzatzen ari dira “Aupa Roxio” organ, eta hurrengoan erritu bat egiten, tearen bueltan. Karrozarik ikusgarrienetakoa “Equipo A” telesailarena da. «Sartu paperean», gonbidatu gaituzte, eta ezin ezetz erran. Atxilotuta egin ditugu, hortaz, galderak, komuntxo baten gainean.

Jon Iriarte sarjentuak kontatu digu 19 lagun direla eta bi kuadrilla juntatu direla ideia berezi hau aitzinera ateratzeko. Alde batetik, istorioaren protagonistak daude, bertzetik, soldaduak; tartean, kinto baldarra. Tankea, furgoneta, espetxea, karroza handia eraiki dute eta, lanaz gain, dirua ere jarri dute. Desfileak irauten dituen hiru orduak intentsoak izaten dira, eta ez dute zalantzarik: esfortzuak balio du.

«Urteko egunik onena da, eta denek bizi beharko lukete halako egun bat», adierazi digu Fenix istorioko txuloak, espetxera bisita egin digunean. Garai batean frontoian egiten zen ikuskizuna oroitu dugu. Itzela. «Zaila da mantentzea. Baina bada segida».

Beraiek erre egiten dute karroza urtero inauteriak pasatu eta gero, eta berritik hasten dira hurrengo urtean.

SORGINKERIETAN

Bertze gurdi txundigarri bat 20 sorginena da. Loreak maskararen gibeletik azaldu digunez, materiala birziklatuz moldatzen dira. Bistan da emaitza ederrak lortzen dituztela. Sorgin erraldoi bat eraiki dute, burua aldez alde mugitzen duena. Haur ttikienek beldurra eta ilusioa aldi berean erakusten dituzten begiekin begiratzen diote. Umeak kuadrillaren parte dira. Loreak baieztatu duenez, ederki egokitzen dira. Goxokiak banatzen dizkiete eta koreografia ttiki bat ere dantzatzen dute.

Familien bertze orga bat Ali Babarena da. Kobazulotik ateratzen diren jeinuek zakutxoak banatzen dizkiete ttikiei. Txokolatezko txanponak eta bertzelako ezusteak dituzte barnean. 48 lapur dira denera, eta hori baja aunitz egonik katarroengatik. Maitek bertze mota bateko gurdia bultzatzen du, haur kotxea. Denek diote egunik onena igandea dela, baina Maiterentzat ez; berak ortziralea du maiteago, emakumeen afariagatik batez ere. Gustuko du inauteriak baino hilabete lehenago sumatzen den giroa ere.