GARA Euskal Herriko egunkaria

Urtean 14.000 minbizi kasu berri diagnostikatzen ditu Osakidetzak

Urtean 14.000 minbizi kasu berri diagnostikatzen ditu Osakidetzak, ohikoenen artean daude: kolon-ondestekoa, bularrekoa, prostatakoa eta birikakoa. Jaitsi da minbiziaren ondoriozko heriotza tasa, baina heriotza kausa nagusia izaten jarraitzen du EAEn.

Baheketa programen eragina nabarmendu du Lakuak. (IREKIA)

2014 eta 2018 artean, guztira 71.069 minbizi kasu diagnostikatu ziren EAEn, hau da, 14.214 kasu berri urtean (8.230 gizonengan eta 5.984 emakumeengan). Intzidentzia tasa gordina 100.000 gizoneko 778,8koa izan da, eta 100.000 emakumeko 535,1ekoa. Intzidentziaren %50 ohikoenak diren lau lokalizazio hauetan dago: kolon-ondestea, bularra, prostata eta birika.

Hala jakinarazi zuten atzo Osakidetzak eta Osasun Sailak, otsailaren 4an izango den Minbiziaren Aurkako Mundu Egunaren harira argitaratutako ohar batean. Tumore gaiztoen intzidentzia tasaren bilakaeraren arabera, 2001-2018 aldian, gizonezkoen artean, progresioa ez da uniformea izan; lehen urteetan, 2012ra arte, urteko %0,3 igo zen, eta, ordutik 2018ra arte, urtean %1,9 jaitsi zen. Inflexio puntu hori kolon-ondesteko tumore-tasaren beherakada handiaren ondoriozkoa izan da.

Dena den, minbizia da, oraindik ere, heriotza kausa nagusia. EAEko biztanleriaren %27,4 minbiziaren ondorioz hiltzen da. 2018-2022 bosturtekoan, 30.799 biztanle hil dira minbiziaren ondorioz. Horrek esanahi du urtean batez beste 6.160 heriotza izan direla minbiziaren ondorioz (3.674 gizon eta 2.486 emakume); heriotza tasa gordina 100.000 biztanleko 344,9koa da gizonezkoen artean eta 220,5ekoa emakumezkoen artean.

Datuek erakusten dutenez, gizonen minbiziaren ondoriozko heriotza tasaren beherakada mantendu egin da azken bi hamarkadetan. Urteko %2,4koa izan zen 2013tik 2022ra bitartean. Kolon-ondesteko minbiziak (%4,1) eta biriketako minbiziak (%1,8) eragindako heriotza tasa nabarmen jaitsi da gizonen artean. Gora egin du pankrea minbiziak eragindako heriotza tasak, %1,1 hain zuzen ere.

Emakumeen kasuan, tumore gaiztoek eragindako heriotza tasa txikiagoa izan da 2001-2018 aldian, urteko %0,3 txikiagoa. Kolon-ondesteko minbiziak eragindako heriotza tasak behera egin du nabarmen; biriketako minbiziak, aldiz, gora egin du, %6,8 2010era arte eta %2,7 urte horretatik 2022ra arte.