IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Nina Almbergen lehen eleberria itzuli du Josu Zabaletak, «Azken amazona»

Amazoniako emakume indigenen mitoa emakumeen ahotsetik kontatzearen ahaleginarekin hasi zen Almbergen idazlearen bidaia. “Azken amazona” eleberrian bidaia hori kontatzen du, bere bidaia fisikoa, emakume horiengana gerturatzeko, eta mitoaren bidaia. Nobela Josu Zabaletak itzuli du euskarara, Erein argitaletxearentzat.

Razquinek eta Zabaletak «Azken amazona» nobela aurkeztu zuten, atzo, Donostian.
Razquinek eta Zabaletak «Azken amazona» nobela aurkeztu zuten, atzo, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Mito bati jarraiki idatzi zuen Nina Almbergen idazleak “Azken amazona”, «fikzio dokumentatu» gisa izendaturiko eleberria. Amazoniara egindako bidaian hamaika testigantza bildu, eta testigantzez osatutako kontakizuna da. Josu Zabaletak euskaratu du.

Atzo aurkeztu zuten eleberria itzultzaileak berak eta Uxue Razquin editoreak. Ereingo editoreak laburtu zuen liburuaren muina: «XVI. mendean konkistatzaile espainiarrek emakume gudarien talde bati aurre egin behar izan omen zioten, eta, diotenez, emakume gudari haien itxura zen gizon konkistatzaile haiek entzundako kontakizun mitologikoetako protagonistena. Idazleak kontatzen du enkontru harekin liluratu zela, eta lehenengo audio dokumental bat egin zuen. Gerora etorri zen liburuaren ideia».

XVI. mendean gertatutako konkista horren ondotik, mitoak omen dio, gizon zuriei eraso egin zieten bertako emakume indigena gudarien izenaz bataiatu zela oihana eta eskualdea: Amazonia. Esan ohi da emakume batzuk, «Icamiabak», luzaro bizi izan zirela eremu hartan gizonezkoengandik aparte. Emakume horiek nortzuk ziren eta nola bizi ziren ikertu nahi zuen Almbergenek.

Ikerketa laguntzaile gisa lan egin du idazleak urte luzez, eta irratirako dokumental bat egiten ari zela, berpizkunde garaiko hainbat istorio irakurri zituen, horietako bat gizonezkorik gabe bizi ziren emakume tribu baten ingurukoa; eta pentsatu omen zuen, «nola ez du inork mito hau lotu amazonekin?», eta galderari jarraika abiatu zen Brasildik Amazoniaraino, aipaturiko bi mitoak lotuz.

BIDAIA BATEN KONTAKIZUNA

Bi bidaia paralelo kontatzen dira liburuan, Zabaletaren arabera; batetik, kalean zerabilten mitoaren bidaia, hau da, ordura arte gizonezkoen ahotsetik kontatutakotik emakumezkoen hitzetara eta kontakizunetara iristea; eta, bestetik, idazleak Belem de Paratik Amazoniara egindako bidaia.

1600 urteko hainbat mito bazeuden, amazonen ingurukoak, baina emakumezkoen ahotsak eta bizipenak bildu nahi zituen berak; «emakumeei entzundakoak jaso nahi nituen», zehaztu izan du zenbait elkarrizketatan. Mitotik historiara, ordea, aldea dagoela adierazi zuen Zabaletak, eta historia zehatzik ez omen zuen aurkitu Almbergenek, baina emakume «ahaltsu eta indartsuen komunitate bat» aurkitu zuela kontatu zuen.

Misterio batzuk ere geratu ziren agerian: «Esaten zen emakumeez soilik osatutako komunitate hori urtean behin elkartzen zela gizonezkoekin, elkartu eta urtebetera emakumeek semeren bat bazuten gizonezkoekin joaten zen, eta alaba bazen, aldiz, emakumeekin geratzen zen. Alabei, ilargiaren argitan aintzira batetik ateratako oroigarri bat oparitzen zieten, baina ikertu zuen Brasilen ez zegoela horrelako materialik, hurbilenak Kariben zeuden; beraz, nola iristen ziren beraienganaino?». Liburuan kontatzen ditu berak eskuratutako hipotesi eta istorioak, baina itzultzaileak aitortu zuen ondorio argirik ez dutela lortu.