GARA Euskal Herriko egunkaria

Trans legearen erreforma babes zabalarekin onartuko dute Gasteizko Legebiltzarrean

Akordio batera helduta, EH Bilduk Gasteizko Parlamentuan trans legearen alde bozkatuko du. EAJ eta PSErekin adostu du, Elkarrekin Podemos-IUk ere bultzatu duen legea aurrera atera dadin.

Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordea bildu zen atzo. (Gasteizko LEGEBILTZARRA)

Gasteizko Legebiltzarrean EAEko trans legearen erreforma adostasun zabalarekin onartuko dute, hots, EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUren babesarekin. EH Bilduk lege honen alde bozkatuko du Gasteizko Parlamentuan, jatorrizko testuan zenbait hobekuntza txertatzea adostu baitu EAJ eta PSErekin.

Hori izango da 2012ko legearen bigarren aldaketa. 2019ko aldaketari esker, trans pertsonak gaixotzat jotzeari utzi zitzaion, eta beren sexu identitatea egiazta dezakete txosten psikiatrikoak aurkeztu behar izan gabe.

Legeak izango duen babes parlamentario zabala nabarmendu zuen Ikoitz Arresek, «eskuin muturretik LGBT+ eta trans pertsonen kontrako gorroto diskurtsoak elikatzen eta areagotzen ari direlako».

Erreforman jasotzen denez, Osakidetzak transexualitatearen arretarako gutxienez hiru zerbitzu izango ditu, bat lurralde bakoitzeko, lehen mailako arretaren barruan, eta legez bermatzen da osasun prestazioen zorro bat.

Gainera, adingabe transen kasuistika azpimarratzen da. Esate baterako, ikasle transak dauden ikastetxeetan hezkuntza komunitate osoari prestakuntza egokia emateko betebeharra ezartzen du.

HOBEKUNTZAK

EH Bilduk txertatutako hobekuntzak azaldu zituen Arresek: «Legeak trans pertsonei buruz hitz egingo du, definizio inklusibo bat eginez, transexual eta transgenero bezalako kontzeptuak gainditzen dituena».

Gainera, «gizarte zerbitzuen hasierako esku hartzea aurreikusiko du, familietan gatazka edota sufrimendu egoerak gertatuz gero». Azkenik, «legeak pertsona intersexualen errealitatea ere jasoko du, eta mutilazioa eta genitalen aldaketa debekatu ditu, baita intersexualentzat kaltegarriak diren beste prozedura mediku batzuk ere».