GARA Euskal Herriko egunkaria

«Mendeku eskubidea», nobela beltz bezain koloretsua

Liburu berria dakar Ernesto Prat Urzainki nafarrak: «Mendeku eskubidea». Nobela beltza da, baina kolore gehiago ere badituena, aurkezpenean azaldu zutenez. Baztango Udalaren enplegu babestuko brigadan dabiltzan hiru pertsonaia dira protagonistak.

Ernesto Prat Urzainki, nobela berria eskuetan duela. (Gorka RUBIO | FOKU)

”Mendeku eskubidea” liburu berria aurkeztu zuen atzo Ernesto Prat Urzainki idazle nafarrak, Donostiako Fermin Calbeton kaleko Elkar dendan. Nobela beltza bada ere, Xabier Mendiguren editoreak ziurtatu zuen kolore gehiago ere badituela, besteak beste, umore ukituak, baita misterioa, krimena, eta kritika soziala ere.

Baztango Udalaren enplegu babestuko brigadak elkartzen ditu hiru protagonistak. Haietako bat “Telleria eta gero, zer?” nobelatik berreskuratu du, trama atzean utzita baina pertsonaiaren izaera mantenduz.

“Telleria eta gero, zer?” nobelan Lurra zenak izanari bere horretan eutsi badio ere, bokalen ordena aldatuz izen berria dauka “Mendeku eskubidea” liburuan: Larru. Neska punk toxikomano ohia da.

Izan ere, Prat Urzainkik azaldu zuen momenturen batean kritikatu izan ziotela Lurraren drogazaletasuna nola edo hala zuritu izana, horrelakorik egiteko asmorik ez bazuen ere. Horrela, kritikei heldu eta bestelako egoera batean aurkeztu du pertsonaia oraingoan.

Larru Baztango Udalaren enplegu babestuko brigadan dabil lanean, zenbait ijito eta marokoarrekin, bide ertzeko sasiak garbitzen, seinaleak pintatzen eta antzeko lanetan.

Alde batera utzi ditu ohitura traketsak, eta bide horretan bere buruari bizitza soziala mugatu dionez, bakartiago dagoela azaldu zuen Mendigurenek.

Hala ere, pertsonaia bera da funtsean, eta ikusten dituen injustizien aurrean nobelari izena ematen dion mendekurako gogoa sentitzen du barruan.

Lankide du Abdel. Marokoarra da eta 2008ko krisiaren ondorioz lanik gabe geratu zenetik saltzaile ibiltari dabil.

«Gizarteko katebegi ahulenetako bat» ordezkatzen duela azaldu zuen Prat Urzainkik eta, horregatik, kostatu egin zaiola idazle gisa haren azalean sartzea.

Hari lotuta dago Muturmotz sarjentuaren pertsonaia. Egileak berak azaldu zuenez, «nobela beltza da, ez poliziakoa, baina protagonista ez diren arren badaude poliziak», eta horietako bat da, hain zuzen ere, Muturmotz sarjentua. Xantaia egiten dio Abdeli, herri mugimenduan militatzen duen jendearen inguruko informazioa lortzearren.

Hirugarren protagonista, Prat Urzainkiren alter egoa da, Ernesto. Larru eta Abdel lanean ari diren taldeko monitorea da, eta idazlea.

Pertsonaiak ezinbestean dakarren ironia azpimarratu zuen egileak, Ernestok gorroto baitu autofikzioa. Pertsonaia muturrera eramandako bere buruaren bertsioa dela azaldu zuen Prat Urzainkik eta, beraz, ez dela guztiz bera den bezalakoa.

«DESESTAZIONALIZAZIOA»

(H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea, egingo dute Baztanen urtarrilaren 22tik 28ra, eta ordurako liburu berria prest egon zedin nahi zuen Prat Urzainkik.

Ez da ohikoa izaten urtarrilean liburuak aurkeztea, beste urte sasoi batzuekin alderatuta. Horrela, Mendigurenek azaldu zuen turismo ministroek egin ohi duten gisan, editoreek ere «desestazionalizazioa» bilatu nahi izaten dutela, «sortzailea beti ari delako sortzen».

Prat Urzainkik adierazi zuen baliagarria izan zaiola liburu berriaren idazketa, generoarekin adiskidetzeko. Izan ere, “Telleria eta gero, zer?” nobelaren trama ixtea «ia traumatikoa» egin zitzaiola ziurtatu zuen, prozesu korapilatsuagoa izan zelako.

Gainera, UPNren zentsura saiakera ekarri du gogora. Izan ere, liburuak Baztango Aroztegiaren aferari heltzen dio eta Lekarozeko institutuan derrigorrezko irakurketa izatea «justifikaziorik gabea» iruditu zitzaion alderdiari. Halaber, Nafarroako Parlamentura eraman zuten gaia eta nobelak baztandarren arteko bizikidetza honda zezakeela salatu zuten.

Esperientzia gorabeheratsuaren ondoren, “Mendeku eskubidea” azken lana nobela beltzarekin baketzeko erabili du Prat Urzainkik.