GARA Euskal Herriko egunkaria
F LIGA

Erregulartasuna jo du Eizagirrek bigarren itzulirako helburutzat

Garaipenak talde guztientzat gero eta garestiagoak direla uste du Realeko kapitainak, baina zuri-urdinek beren dohainak hobetu ahal izango dituztelakoan dago. Eibarren kontrako igandeko derbira begira, intentsitate handiko partida aurreikusten du.

Jokalari zuri-urdinek komunikabideekin hitz egin zuten, Realak atzo Zubietan antolatutako Media Day delakoan. (Jon URBE | FOKU)

Ipuruan igandean Eibarren kontra jokatuko duen derbiarekin emango dio hasiera Realak Ligako bigarren itzuliari. Bolada onean ekingo dio, azken sei jardunaldietan jarraian puntuak lortu baititu, baina Nerea Eizagirreren ustetan, «taldeak asko dauka hobetzeko» oraindik. Garaipenak lortzea «gero eta zailagoa» dela onartzen badu ere, hobekuntzaren bidez ibilbide erregularragoa egitea jo du bigarren itzulariko helburutzat kapitain zuri-urdinak.

Bere hitzetan, ez da erraza lehen itzuliak utzi dituen sentsazioak laburbiltzea. Aurreko igandeko partida adibide ona litzateke, «etxean jokatu dugun deserosoena» izan zelako eta ez taldeak ez zituelako «oso sentsazio onak izan», baina azken minutuan «puntu bat lortu genuen eta energia horrekin amaitu genuen».

Emaitzen balioa azpimarratu du; «sentsazio onak hortik atera» daitezkeelako eta «Liga honetan asko kostatzen delako garaipenak lortzea. Egia da pena eman digutela galdu ditugun puntu batzuek, agian esperientzia pixka bat falta zaigulako, talde gaztea garelako, eta azken minutuak kudeatzea kostatu zaigulako». «Baina orokorrean -gaineratu du-, nik esango nuke talde askori gertatzen ari zaiola; ez da erraza partidak aise irabaztea. Talde guztiak lehiatzen dira gero eta hobeto, eta goian daudenei ere, Atletico, Real Madril, Madril, Levante... horiei ere kostatzen zaie partidak aurrera ateratzea».

Hala ere, lehen itzulian egindakoa ikusita, Realak «asko dauka hobetzeko», tolosarraren ustetan. «Partidaz partida aztertuta, askotan daukazu sentsazioa gehiago egiteko edo gehiago lortzeko aukera geneukala. Atleticok, Levantek eta Madrilek, adibidez, ez digute irabazi, baina beste partida batzuetan, Sevilla, Granadilla, Granada... puntuak galdu ditugu. Bigarren itzulian hori zuzentzea espero dugu». Emaitzak alde batera utzita, «batzuetan hobeto jokatu dugu, beste batzuetan gehiago kostatu zaigu... Irregulartasun sentsazioa daukat».

Gauza bera gertatzen zaio arlo pertsonalean eta inbidualki zein taldearen ikuspuntutik; «exijentzia puntu handiagoa izan eta gehiago eman behar» dela uste du. «Pertsonalki erregularragoa izan nahi dut, partida guztietan bertsio on bat eman, horrek taldeari asko lagunduko dio. Eta taldeak ere erregulartasuna lortu behar du, garrantzitsuena hori dela uste baitut, partida guztietan gure bertsio onena emanez. Horrek ez dizu ziurtatzen partida irabaztea, baina bai garaipenetik gertuago egotea», azpimarratu du.

GAKOAK

Ipuruan horrela egin beharko du Realak emaitza on bat lortu nahi badu, Eibarrek «asko hobetu» baitu, «eta gauzak ondo egiten ari da etxean. Ez da batere erraza izango». «Intentsitate handiko partida» espero du kapitainak; «duelu askokoa. Saiatu behar gara baloia izaten eta ahalik eta lasaien jokatzen. Badakigu beraiek baloia lapurtuz gero, kontraerasora azkar irtengo direla. Saiatu behar gara, beraz, kontraeraso horiek mozten eta baloiak ez galtzen. Eta sortzen ditugun aukerak sartzen». Alde horretatik, ez dauka kezka handirik, «S bikoitza», Synne eta Sanni, azkenaldian sasoi betean baitaude ate aurrean. «Konfiantza daukat gure aurrelariek dauzkaten aukerak sartuko dituztela, azken aldi honetan ondo dabiltzalako. Besteok jokoari ahalik eta sakontasun handiena ematen saiatuko gara eta ahalik eta ondoen jokatzen».

Ikusteko dago zein postutan egingo du saiakera hori Eizagirrek, azken bi partidetan atzerago eta barrutik jokatu baitu. «Barrutik jokatzeko oraindik gehiago ikasi beharra daukat -azaldu du-, ez baitut inoiz jokatu aurretik; normalean azken sei urtean kanpotik jokatu dut. Baina Nataliak konfiantza hori dauka, barrutik beste gauza asko eman ditzakedala uste dut. Ikusita aurrean nire taldekideak nola dauden, saiatuko gara hor ahalik eta ondoen jokatzen eta ahalik eta pase gehien ematen, segur aski eurek errazago sartuko dituztelako».