Peli LEKUONA
NAIZ IRRATIA
Interview
Begoña Pedrosa
Lakuako Hezkuntza sailburuordea

«Debekuak ez du balio, mugikorrekin kontzientziazioa behar da eskoletan»

Aspaldi ari da Lakua, hezkuntza komunitatearekin batera, ikastetxeetan mugikorrek izan beharreko rolaren inguruan hausnartzen. Bizikidetza eta digitalizazio arloetan egindako lana azpimarratu du Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburuordeak NAIZ Irratian. Orain, formakuntzarekin batera, ikastetxe bakoitzak araudi propioa sortu beharko du.

(Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburuordeak dioenez, «aspalditik dator» ikastetxeetan telefono mugikorrek izan behar duten rolari buruzko eztabaida, eta hausnarketa bat abian da bi esparru uztartuz: digitalizazioa eta bizikidetza. «Biak uztartzen ditugu hainbat mintegitan, eta ikastetxe askotan euren araudi propioa garatuta daukate», esan du NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketa batean.

Eskoletan mugikorren erabilerari buruzko eztabaida ez dela berria ohartarazi du, eta nabarmendu du ikastetxeek jaso dituztela jada «jarraibide batzuk», egin beharreko hausnarketari ekiteko. «Baina hausnarketa hori egin behar da gurasoekin, nerabeekin, egin behar da hezkuntza komunitatearekin. Bestela ez du funtzionatuko», azaldu du, eta debekuen aurka agertu da.

«Ez du balio ezertarako debekua egitea, gero ikastetxetik ateratzen direnean inolako mugarik jartzen ez bada», esan du, «kontzientziazio ariketa sendo bat» egin behar dela adieraziz. Haren esanetan, «pausoak eman behar dira apurka-apurka». Hala, aipatutako hausnarketa familiekin eta zuzendaritza taldeekin batera egingo dela dio, helburu batekin: «Urte bukaeran ikastetxe guzti-guztietan beraien jarraibide propioak izatea».

«Gure ikastetxeetan gertatzen dena gure gizartearen isla ere bada, gizarte txikiak direlako. Guri tokatzen zaigu etorkizuneko herritar horiekin ariketa hauek mahai gainean jartzea. Nik uste dut hori dela bidea, hausnartzea, baina patxadarekin», gaineratu du.

Egungo egoerari buruz, esan du «ikastetxe gehienetan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, mugikorrak ez direla existitzen». Egoera bestelakoa da «jakina» DBHn. «Baina egia da gaur egun mugikorren erabilera arduratsua eginez gero aukerak ere eskaintzen dituela», esan du, zenbait jarduera aurrera eramateko «interesgarria» izan daitekeela argudiatuz, «betiere ikuspegi pedagogikoak aintzat hartuta».

«Hori da bidea. Ezin dugu ikastetxea nolabaiteko espetxea bihurtu. Ikasleak pentsamendu kritikoan hezi behar ditugu eta horretarako ausartak izan behar gara. Irakasleak ondo formatu eta tresnak eskaini behar dizkiegu lan hori ahalik eta hobetoen egiteko», adierazi du, eta «digitalizazio arduratsua» babestu du. «Momentuz esango nuke ikastetxeetan honekin konforme daudela, baina guk jarraitzen dugu entzuten eta beraien proposamenak jasotzen».

Pedrosaren esanetan, digitalizazioa ohiko ikasketa ereduekin uztar daiteke. «Gure ikastetxeetan oraindik ere koadernoak existitzen dira. Eta erabiltzen dituzten gailuak, hainbat eta hainbat jarduera egiteko, uztartu egiten dira oraindik ere betiko idazkerarekin. Hor ez dago inongo eztabaidarik. Jakin badakigu inportantea dela jarraitzea horrekin eta uste dut esaten edo publikatzen diren hainbat gai batzuetan berme zientifiko barik egiten direla».

Dena den, aitortu du «zaintza bat egin behar dela. Egia da erabilera arduratsua inportantea dela eta horren ardura ikastetxetan dagoela, gure laguntzarekin. Eta horregatik uste dut oso inportantea dela formazio trinko eta sendoa eskaintzea. Baina nik esango nuke oraindik ere gure ikastetxeetan boligrafoa eta papera oso presente daudela, eta osagarriak direla momentu bakoitzean egin beharreko jarduerak egiteko». «Haurrak eta nerabeak teknologian murgilduta daude, horrekin bizi dira, horrekin hazi dira eta jarraituko dute hazten eta guk lagundu egin behar diegu erabilera arduratsu eta segurua egin dezaten», gaineratu du.

HEZKUNTZA LEGE BERRIA

EAEko Hezkuntza Lege berriari dagokionez, iragarri du legea «era ofizialean» igandean sartuko dela indarrean, «publikatu zen egunetik hilabetera». «Ari gara aurreikuspen bat egiten arau berria eta garatu beharreko araubide berriak prestatzeko», erantzun du, eta gogoratu du iaz hasi zirela aplikatzen zenbait neurri, adibidez segregazioaren aurkako politika, «eta aurten bide horretatik jarraituko dugu».

«Guretzat oso berri ona da orain marko arautu bat daukagulako, bat datorrena momentu honetan ikusten ditugun erronkekin. Beraz, hemendik aurrera tokatzen zaiguna da aurreikusitako guztia ondo planifikatzea eta aplikatzea», azaldu du Pedrosak, eta Hizkuntza Ereduen Dekretuari buruz ere hitz egin du.

«Ikastetxeetan hainbat pilotaje egiten ari gara. Hizkuntza proiektuak ikastetxe askotan garatzen dira egun, gure dekretu curricularretan horrela arautzen delako. Baina momentu honetan egiten ari gara marko berriaren hausnarketa, horren diseinua eta hainbat ikastetxerekin lanean ari gara», azaldu du. Hala, «ikerketa espazioa» abiatu du Hezkuntza Sailak unibertsitateekin hizkuntzen «markoa» jorratzeko. «Zentzu horretan, nik uste dut lan integral bat izango dela, hezkuntza komunitateko hainbat eragileren parte hartzearekin egingo duguna».