Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Frontean

Motaz Azaiza jadanik ez dago Gazan. Urriaren 7tik Israelek Gazan biziagotu duen genozidioaren nondik norakoak gertaeren gunetik bertatik eta gizarte sareen bidez azaltzen aritu zaigun palestinar kazetaria Qatarrera ebakuatua izan zen duela egun batzuk.

Motazek ez du ebakuazioaren gaineko azalpenik eman, ezta eman beharrik ere. Nor gara gu, bere eguneroko kronikak pantailaren beste aldetik, hondamenditik urruti, jarraitu ditugunok Motaz epaitzeko.

Harritu beharko gintuzkeena da denbora honetan guztian munduari palestinarren kontrako sarraskiaren berri ematen ibili izana, bonben eta metrailaren erdian, egunean ordu gutxi batzuk lo eginda eta minimoa janda, une oro bizitza arriskuan jarrita.

Gaztea da Motaz. 24 urte ditu eta dagoeneko Gazaren kontrako hainbat eraso bizi(raun) ditu. Are gazteagoa da Lamu Abu Jamous; bederatzi urte besterik ez. Gazako kazetaririk gazteena egiten du horrek.

Irribarrea aurpegian beti, Israelek suntsitu nahi duen hori azaltzen du bere kroniketan: bera bezalako umeen bizipenak eta ametsak, Nakbatik bizirik ateratakoen testigantzak eta indarra, oro har palestinarren erresistentzia eta bizi nahia.

Lamu ere bere familiarekin batera beste nonbaitera ebakuatua izateko modua bilatzen ari da, baina dirua behar dute horretarako, eta jaso nahi dituen herrialde bat.