GARA Euskal Herriko egunkaria
EZTABAIDA

Kirolari transen lehien egoerak oso nahasia izaten jarraitzen du

Katalunian jokatutako Na’Dalt kronoigoeran korrikalari trans batek emakumezkoen sailkapenean lortutako garaipenak zalaparta sortu du. Bien bitartean, USA Climbing federaziok lehietan parte hartzeko hartutako neurriek transen kolektiboan haserrea piztu dute.

Trail running-eko lasterketetan ere transen parte hartzea eta lortutako emaitzak zalaparta pizten ari dira. (Jose Luis PEREZ)

Igeriketan, atletismoan, txirrindularitzan… Kirolari transgeneroek kirol horietan guztietan bizi duten egoera ez da batere samurra. Parte hartzen duten lehietan beti ika-mika gertatu da, eta horrek erakusten du oreka, zaila izateaz gain, oraindik bide luzea duela.

Aipatu ditugun kirol horiei mendiko pare bat adar gehitu behar zaizkie. Orain dela gutxira arte, mendiko lehietan soilik gai horren inguruko adibideren bat edo beste entzun eta ia “oharkabean” igaro dira. Azken bolada honetan, aldiz, mendiko lasterketetan edo trail running-ean eta eskaladan transen lehien egoera nahasi hori eman da.

Euskal Herritik gertu, Katalunian, Na’Dalt izeneko kronoigoeran (Sant Pere de Torello) lasterkari trans batek emakumeen lasterketa irabazi zuen. Gailendu, bai, baina sortutako salaketek garaipen hori kentzera behartu zuten. Hala erabaki zuten, bederen, antolatzaileek.

Korrikalari horrek, berez, sexu maskulinoa du. Quim Duran da, eta eskuarki gizonezkoen mailan parte hartzen du. Joan den abenduan jokatutako kronoigoera horretan, mutilen kategorian, 55. postuan sailkatu zen. Baina beste batzuetan ez bezala, protagonista honek baieztatu du emakume sentitu eta hala korritu zuela. Quima izenarekin lehiatu eta nesken kategorian (lehen aldia zuen) gailendu zen.

Kronoigoera bukatu eta Quimari irabazlearen saria eman zioten. Baina korrikalari batzuek eginiko salaketaren ostean, behin-behinekoz garaipen hori kendu zioten. Egoera hori ikusita, antolatzaileek ohar zehatza kaleratu dute: «Lehenik eta behin, genero gaiengatik zaurgarriak diren kirolariei gure babes, tolerantzia eta elkartasun osoa helarazi nahi dizkiegu. Ez dago eztabaidarik: edonor identifikatzen den generoarekin bizitzea errespetatu behar da. Ez da minduta edo gaizki sentitu behar. Bide batez, azpimarratu behar dugu Na’Dalt lasterketak beti emakumezkoen parte hartzea bultzatu duela; izan ere, historikoki diskriminatuak izan direlako. Inork ez dezala zalantzarik izan».

Horretaz gain, antolatzaileek diote Quimak nesken mailan lortutako garaipena dilema bat dela eta kontu etikoak, moralak, filosofikoak eta zientifikoak jasotzen dituela: «Antolakuntza herrikoia garen neurrian, horrek guztiak gainditzen gaitu. Legeak dio Federaçió d’Entitats Excursionistes de Catalunyak (FEEC), hots, gure mendiko federazioak izan behar duela gai horretan lehiak arautu behar dituena. Eta mendiari dagokionez, egun ez dago ezer. Horregatik, gure federazioarekin hartu-emanak izan ditugu gai hau aztertzeko. Gaiarekin bat egin dute, eta ardura hartu ere, arau batzuk idazteko, etorkizunean izaera bereko adibideren bat izaten bada, neurriak hartzearren. Idatzi hori kaleratzen dutenean, orduan kronoigoeran izandako emaitzak aplikatuko ditugu».

Espero zen bezala, kronoigoera horretan gertatutako berriak kolore guztietako iritziak sortu ditu. Batez ere, sare sozialetan. Baina gaia argitze aldera, kirol zuzenbideko adituek aurreratu dute aspalditik “arazo” horiek saihesteko deia egin dutela. Gogoratu dute Kataluniako Trans Legearen aurreproiektuak proposatzen duena: «Kirolaria identifikatzen den generoaren arabera, kirol lehietan parte hartzeko erabakia eta aldagelen erabilera kirolariak berak hautatuko ditu».

ESKALADAN ERE

Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetako eskalada lehia batzuetan ere antzeko egoerak bizitzen ari dira. Hain zuzen ere, duela hilabete batzuk USA Climbing federazioak kirolari transgeneroen parte hartzearen inguruko idatzia plazaratu zuen. Jasotzen duen arlo bat da emakume transen testosterona mailak murrizteko erabakia. Besteak beste, eskatzen da lehia jokatu baino hamabi hilabete lehenago eskalatzaileak testosterona maila txikiagoa mantendu behar duela.

Federazioaren erabaki horrek harreman zuzena du duela urte batzuk eskalada lehia batean izandako gertaera batekin. Parte hartu zuten eskalatzaile batzuek eta haien gurasoek gogor kritikatu zuten lehiakide trans baten agerraldia.

Horrekin batera, federazioak dio ados dagoela norbera identifikatzen den generoarekin hitzordu horietan egoteko, baina horretarako identitate horren inguruko dokumentazioa aurkeztu behar duela. Gainera, nazioartean lehiatzeko Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak (IFSC) dituen arauak onartu behar ditu.

Gai horien inguruan haserre agertu dena Trans Climbers Belong elkartea izan da. Talde horretako ordezkaria den Kristen Fiorek federazioaren jarrera kritikatu du: «Oso haserre gaude hartutako erabakiekin eta eztabaida prozesu guztian ez gaituztelako kontuan hartu. Horregatik guztiagatik, federazio horrek antolatzen dituen lehietara ez joatea eskatzen dugu».

Erakunde estatubatuarrak gai horren inguruan hartutako erabakiek nazioarteko lehietan parte hartu nahi dutenentzat eragina du. Neurriak dio testosterona mailak 5 nmol/L azpitik egon behar duela lehia horretan egon baino hamabi hilabete lehenago. Tarte horretan, gainera, eskalatzaileak hainbat azterketa egin behar ditu.

Finean, 13 urtetik aurrera, emakumezko kirolari trans horri terapia hormonal bat ordezkatzea eskatzen zaio. Aditu batzuek gogoratzen dute, agian, nerabe batzuk ez daudela prest terapia hori aurrera eramateko. Hori gutxi ez eta terapia hori egitearen alde daudenak beste murru batekin talka egiteko arriskuan egon daitezke. Eta hori diogu zenbait estatuk (Idaho, Oklahoma, Alamaba…), generoaren arreta mugatzen dituzten lege proiektuak dituztelako.

Bestalde, aipatu behar da federazio estatubatuarraren erabakiak nazioarteko federazioarekin talka egin duela. IFSC erakundeak dio emakume transen testosterona mailak 10 nmol/L behera egon behar duela.

Ikerlan gehienek diote faktore asko daudela kirol errendimenduan eragin zuzenak dituztenak, eta argi dagoela emakumezkoen eta gizonezkoen arteko kirol gaitasunak ezberdinak direla. Igeriketan, arraunean edo lasterketetan, adibidez, %11 eta %13 artean kokatuta dago. Eta besoekin indarra egiten den kiroletan alde hori handitzen da: %20.

Eskaladan hori gertatzen da. Egindako ikerketen arabera, oro har, boulderrean zein kirol eskaladan mutilek bi maila gehiago eskalatzen dituzte neskek baino. Gaur egun, testosterona da faktore fisiologiko garrantzitsuena gizonen eta nesken arteko kirol onurak aipatzen badira. Horregatik guztiagatik, federazioek beren buruei galdetzen diete terapia hormonal batek zenbat lagun dezakeen.

Ildo beretik jarraituz, adituek aipatu dute terapia horiekin kirolari transek hainbat aldaketa izaten dituztela masa muskularrean eta gantz mailan. Baina aldaketa fisiologiko horiek oso mugatuak dira. Horrekin batera, eskatzen da osasun psikologikoak arreta berezia izan dezala. Batzuek onartu dute oraindik erabat deserosoa dela emakume trans batek eskalatzaileen komunitatean parte hartzea.

Ikerketen arabera, oraindik gai horien inguruan argi-ilun asko daude. Gaur arte, ikerlanek ez dute baieztatzen terapia hormonala jarraitzen ari den kirolari trans baten prozesuan indarraren eta pisuaren artean harremana ote dagoen. Terapia horrek entrenamenduekin lotuta egon behar omen du, eta gai horri azpimarra berezia egiten diote. Besteak beste, gihar eta indar asko galtzen dituztelako. Adituek gehitu dute gai horri aurre egin behar zaiola; izan ere, oraindik ez dakite gaitasun atletiko handia edo txikia duten.