GARA
ABADIÑO

«Armada kolpistaren» aurrean borrokatu zirenen balioak aitortu ditu Lakuak

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Prospekzio Taldeak zenbait ordezkari instituzional hartu zituzten atzo, Abadiñoko Saibigain mendiaren gailurraren inguruan, 1936ko gerran borroka egin zuen gudari baten hezur hondakinak hobitik ateratzen ari diren tokian. Bertan izan zen Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta kolpisten aurrean «askatasunaren, demokraziaren eta gizarte justiziaren alde bizitza eman zuten gudarien sakrifizioa» aintzatetsi zuen.

Bi hezur hondakin aurkitu eta berreskuratu dituzte Saibigainen, baina gehiago egon daitezkeela uste dute. Izan ere, Lakuak ohar batean adierazi zuenez, 36ko gerraren garaiko dokumentazioak eta orduko lekukotasunek inguru hartan 1937ko apirilaren 6tik 15era bitartean gertatutako borroka ankerrei buruz hitz egiten dute. Saibigaingo gailurra puntu estrategikoa zen ikuspuntu militarretik, eta argitalpen batzuek erakusten dute nola, guduen ondoren, lekua hilotzez beteta geratu zen.

Leku horretan «askatasunaren, demokraziaren eta gizarte justiziaren alde» bizitza eman zuten gudarien «sakrifizioaz» mintzatu zen Melgosa. «Belaunaldi harekin zorretan gaude. Zor hori kitatu nahi dugu, ahal dugu eta behar dugu», gaineratu zuen.

Hala, sailburuak iragarri zuen datozen hilabeteetan lanak zabalduko direla, Urkiolako parke naturaleko paraje horietan 2024. urterako prospekzio baimena lortu ondoren.