ALAIA SIERRA
DONOSTIA

«Arrabioen gerra» eta «Independentzien eguzkiak» itzuli dituzte Navarrok eta Jakak

Erein eta Igela argitaletxeek Literatura Unibertsala bildumako 187. eta 188. lanak argitaratu berri dituzte, Karel Capek-en ‘‘Arrabioen gerra’’, Koro Navarrok itzulia, eta Ahmadou Kouroumaren ‘‘Independentzien eguzkiak’’, Aiora Jakak euskarara ekarria. Atzo aurkeztu zituzten liburuok Donostian.

Aiora Jaka eta Koro Navarro, itzuli berri dituzten lanekin.
Aiora Jaka eta Koro Navarro, itzuli berri dituzten lanekin. (Jon URBE | FOKU)

Karel Capek txekiarraren ‘‘Arrabioen gerra’’ liburua eta Boli Kostako Ahmadou Koroumaren ‘‘Independentzien eguzkiak’’ lana euskaratu dituzte Koro Navarrok eta Aiora Jakak, hurrenez hurren. Erein eta Igela etxeek argitaratu dituzte Literatura Unibertsala bilduman, 187. eta 188. zenbakiz. Atzo Donostian egindako aurkezpenean Manu Lopez Gaseni EIZIE itzultzaileen elkartearen lehendakariak laudatu zuenez, bilduma honetako liburuak aurkeztea «beti festa bat da». Bidean dauden beste batzuekin eta esleitu behar diren hiru itzulpenekin bildumaren aroari amaiera emango diotela iragarri zuen.

«ARRABIOEN GERRA»

Jatorriz txekieraz idatzitako ‘‘Arrabioen gerra’’ euskaratu du Navarrok. Poloniatik oso gertu jaiotako Karel Capek idazlearen obra. 1936an argitaratu zen lehenengoz eta Txekiar Errepublikan eskoletan ezinbestekoa den lan ezaguna bihurtu dela azaldu du itzultzaileak, baina hemen ez, «gortina baten atzean bizi izan garelako».

Sudeteetako herri batean jaio zen Capek, naziak iritsi baino lehen ere alemana nagusi zen tokian. Egoera horretan, idazle antifaxistak eta abertzaleak txekiera bultzatu zuen, bereziki itzulpenen bidez, Navarrok nabarmendu duenez. ‘‘Robot’’ hitzaren asmatzailea da Capek. Orain euskaraz argitaratutakoa haren azken lana izan zen; 1938an hil zen, nazien heriotza zigorra ezarrita zeukan arren.

Surrealismoa eta umorea nabarmentzen badira ere, estilo eta genero desberdinak lantzen dira liburuan, ataletan banaturik. Aldaketa hauek «oso politak» dira Navarrorentzat, eta itzulpen jardunean «primeran» pasatu duela aitortu zuen.

«INDEPENDENTZIEN EGUZKIAK»

Afrikako lanak euskaratzeko helburuarekin sartu dute Ahmadou Kouroumaren ‘Independentzien eguzkiak’ bilduman, argitu zuen Erein eta Igela argitaletxeen ordezkari Inazio Mujikak.

Frantsesez idatzitako liburua den arren, «malinkeraz pentsatutakoa» dela azaldu zuen Mujikak, etnia horretakoa baitzen Korouma.

1968an argitaratu zen, baina Estatu frantsesean ez zuten onartu. Afrikako kolonialismoari eta honen ondoko erregimenei kritika egin zien.

Animalia eta landare exotikoekin lotutako atsotitzak eta hizkera klasikoa ez erabiltzea oztopo izan dira itzultzailearen lanean, eta euskarazko sintaxira moldatu behar izan du batzuetan. Dena den, «gustura irakurtzen den liburua da».