GARA
DONOSTIA

Donostian dagoen «etxebizitza larrialdia» eta funts putreak seinalatu zituen Sortuk

«Azorak eraikin honetako donostiarrak bota ditu, espekulatzeko. Azora nos echa, Donostia se muere». Sortuk atzo goizean olana handi bat eskegi zuen asteburuan sartutako Katalunia plazako etxebizitzaren atikotik, egungo etxebizitza eredua salatzeko eta irtenbideak eskatzeko. Eraikinaren kanpoaldean herritarrek babesa adierazi zieten. Arratsaldean mobilizazioa egin zuten, “Eskubideekin ez da espekulatzen. Etxe eta bizitza duinak denontzat” lelopean.

Azora funts putrearena da atikoa, eta haren arduraduna Ertzaintzarekin batera bertaratu zen, eraikinean zeudenak identifikatzearren, Sortuk jakinarazi zuenez. Eraikin horretan auzotar gutxi batzuk bizi dira; sei pisu turistiko eta etxebizitza hutsak dira gainerakoak. Beste olana bat ere ezarri zuten plaza bereko beste eraikin batean; Telefonicarena izan zen eraikina, eta Luxenburgoko inbertsio funts bati saldu zioten, hotel bihurtzeko. Lizentzia lortu ez dutenez, salerosketarako luxuzko 22 etxebizitza egiteko proiektua iragarri dute, milioi bat eurotik gorako salneurrian.

«ETXEBIZITZA LARRIALDIA»

Euskal Herriko «etxebizitza larrialdia» salatzeko eta ikusarazteko Sortu Donostian egiten ari den protestaren barruan kokatzen dira ekintza horiek. Joan den asteburuan, ekintzaileak jabe handien bi etxebizitzatan sartu ziren Donostia erdialdeko Zubieta kalean eta aipatutako Groseko Katalunia plazan.

Astelehen honetan argitaratutako bideo baten arabera, «bizilagunek alokairu igoerak eta presioak jasan dituzte, eta horietako batzuk etxea uztera behartu dituzte, pisu turistikoak ireki dituzten bitartean».

GOIA HARRITUTA

Eneko Goia Donostiako alkateak atzo Udal Gobernu Batzarraren ostean hedabideei egindako adierazpenetan, «gehiago edo gutxiago gustatu, arauak denontzat dira eta guztiak bete behar ditugu», esan zuen Sorturen ekintzari erreferentzia eginez. Eta gaineratu zuen «harrigarria» egiten zaiola horrelako ekintzak Donostian egitea; pisu turistikoen datuak EH Bilduk gobernatutako Orion edo Getarian biztanleko duten inpaktua aztertuz gero, «Donostian baino gehiago dira. Baina ematen du han ez direla arazoa, Donostian bakarrik omen dago arazoa».

Sortuko kide Beñat Lusarretak Goiari erantzun zion gogoratuz bere Udal Gobernuak legea «atzeko atetik moldatu» zuela «pisu turistikoak zuritzeko», eta salatu zuen ez direla legeak jasotzen dituen beharrezko kontrolak egiten ari, jabetza handiek neurriak errespetatu ditzaten: «Joko arauak jabe handientzat bakarrik dira mesedegarriak».