GARA
TOLOSA

Tolosako karrozek bi orduko etenaldia egingo dute Zaldunitan, Udalaren jarreraren aurka

Tolosako Inauterietako karrozak, 2023an.
Tolosako Inauterietako karrozak, 2023an. (Gorka RUBIO | FOKU)

Tolosako karrozek ez dute ikuskizunik eskainiko igandean, Inauterietako Zaldunita egunean, 12.00ak eta 14.00ak bitartean. Batik bat karrozak gordetzeko tokiaz Udalak hartutako erabakiekiko desadostasuna erakutsiko dute gisa horretan.

Datorren urtean karrozak gordetzeko tokirik ez dutela izango salatu du Karroza Batzordeak ohar batean, Bellota, horretarako erabiltzen den tokia, saldua izan delako.

«Hau ez da aurtengo kontua», adierazi dute. «Bi edo hiru urte igaro dira berri hau izan genuenetik. Nahiz eta Udalari hainbat proposamen egin dizkiogun, ez da inolako aurrerapenik izan».

Aurtengo jaia aurrera ateratzea «oso zaila» izaten ari dela esan dute. Kamioiak ateratzeko edo karrozak Rondilla kalean jartzeko aukeraren artean hautatzera «behartu» dituztela salatu dute; hori «xantaia» da, beraien ustez.

Gainera, udaltzainek izandako jarrera, joan-etorriak egiteko «askatasun eza» eta iaz izandako istripu baten ondorioz beraiek ordaindutako seguru bat kontratatzeko betebeharra salatu dituzte.

«Jarrera proaktiboa izan dugu denbora honetan guztian, proposamenak eginez eta beraiek jarritako exijentziak betetzeko formula ezberdinak bilatuz. Hau horrela, ez dugu uste Udalaren aldetik jarrera bera jaso dugunik. Udalaren interesen aldekoak (urtez urte inauteriak «salbatzea») ziren ideia eta eskakizunak garatzeko laguntza jaso dugun arren, gainerako gure interesak ahaztu direla uste dugu», deitoratu du Karroza Batzordeak.