GARA Euskal Herriko egunkaria

«Anbizio nazionala» aldarrikatu zuen Otxandianok, saiakeraren aurkezpenean

EH Bilduko lehendakarigai Peio Otxandianok 2040ari begiratu dio bere saiakera liburuan. Egungo egoeraren analisia egiteko baliatu du, eta egungo politika eredua «agortuta» dagoela iritzita, lehentasunak behar luketenak azpimarratu zituen: Osakidetza, bizitzaren garestitzea eta «anbizioa» berreskuratzea.

Otxandianok Donostian aurkeztu zuen, atzo, «Begirada» liburuaren mamia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Peio Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak bere lehen entsegu politikoa aurkeztu du: “Begirada. Herriari. Etorkizunera”. Oraindik liburua esku artean ez badu ere, atzo Tabakaleran aurkeztu zuen mamia, 300 lagunez baino gehiagoz inguraturik -ezin hobe esan, aulkiak biribilean eta lehendakarigaia erdian zegoela eman baitzituen azalpenak-.

«Liburu bat idazten saiatu naiz, elkarrekin eraiki dugun pentsamendu kolektibo bat paperean jartzen», adierazi zuen aurkezpenaren hasieran. Analisi sakon bat egin eta EH Bilduren ikuspegia aurkezteaz gain, helburu garbi bat du liburuak, Otxandianok azaldu zuenez: beste alderdiei eztabaidara dei egitea. «Aberastu dezagun eztabaida politikoa eta topatu gaitezen lehentasunen eta hartu beharreko norabidearen inguruko debatean», zehaztu zuen. Horretarako, beste alderdi politikoetako hautagaiei saiakera helaraziko diela promes egin zuen: «Herri proiektu baten inguruan eztabaida dezagun. Eztabaida dezagun momentu historikoaren eta etorkizunaren inguruan».

2040ARI BEGIRA

Etorkizunera begiratzeko data bat jarri zuen Otxandianok mahai gainean: 2040. Ziklo politiko bat amaitu eta berri batean sartu garela adierazi zuen. Azken hamarkadan «aukera gehiegi» galdu zirela kontatu zuen, eta EAJ-PSE gobernantza eredua «agortuta» dagoela gaineratu.

Euskal Herriari begiratuta, geldirik dagoela esan zuen, «ez atzera eta ez aurrera; eta politika publikoen zenbait esparrutan atzerakadaren arriskua gero eta handiagoa da». Etorkizuna nolakoa izango den ez badaki ere, erabakiak «gaur» hartu behar direla azaldu zuen aurkezpenean.

Egungo politikagintza «zaharkituta» dagoela baieztatu zuen: «PNVren eta PSEren aliantza da politikagintza zahar hori gidatzen duena; epe motzeko interesak dituzte, eta aliantza erreaktibo bat da proaktiboa baino gehiago». Politika egiteko eredu horrek hainbat ondorio utzi dituela nabarmendu zuen: «Anbizio nazionala galdu da, pultsu politikoa galdu dugu, arima eta pasioa galdu du politikagintzak; anbizio nazionalaren galera bilatu du aliantza horrek, eta krisi identitario batean gaude». Jarraian azaldu zuen anbizio hori berreskuratzea garrantzitsua dela: «Eraldaketa prozesu orotan beharrezkoa da identitatea». Bigarrenik, adierazi zuen «iraungita» dagoen eredu ekonomikoa ekarri duela politikagintza eredu horrek. Eta hirugarren, ondorio gisa, «klientelismoa» salatu zuen.

BI URGENTZIA, HIRU BEKTORE ETA TRESNA BAT

«Euskal sistema eragilea» berritu behar da, Otxandianoren arabera. Horrek politika publiko askoren norabidea berritzea eskatzen duela azaldu zuen. Horretarako, lehentasunak argi izan behar dira, lehendakarigaiaren ustez, eta urgentziaz lantzeko bi arlo aipatu zituen aurkezpenean: osasun sistema eta bizitzaren garestitzea. «Datozen lau urteetan Osakidetza zutik jarri behar da berriro, eta, bestetik, bizitzaren garestitzea gelditu, etxebizitzaren arazoari eta soldaten prekarizazioari arreta berezia eskainiz».

2040. urteari begira hiru bektore «gaurtik martxan» jarri beharrekoak direla nabarmendu zuen: «Ezin dugu denbora gehiago galdu».

Eraldaketarako lehen bektorea politika ekonomiko berria abian jartzea dela esan zuen, eta horretarako kontuan hartu behar direla lehen sektorea, espazio urbanoa berriro naturalizatzeko planak. Eta sektore teknologikoko enpresa estrategikoak garatu behar direla adierazi zuen, besteak beste.

Ezagutza sistemaren eraldaketa da bigarren bektorea lehendakarigaiaren iritziz: «Etorkizunaren alde egin daitekeen inbertsiorik onena jakintzan inbertitzea da». Eta hiru helburu aipatu zituen, epe motzera begira jarrita: ikastetxe autoeratuak sortzea, segregazioaren aurkako herri konpromisoa eta euskalduntzean eman beharreko jauzia.

Hirugarren bektorea ere definitu zuen atzoko ekitaldian: zaintza. Hurrengo lau urteetan sistema publiko komunitario baten oinarriak jarri behar dira, Otxandianoren ustez; eta, horretarako, gizarte zerbitzuen eraldaketa eman beharko da. Gizarte antolamendua ulertzeko modua ere aldatu beharko dela ohartarazi zuen.

«Tresna bat behar dugu: autogobernu berri bat», baieztatu zuen, eta burujabetza politikoan urrats bat emateko garaia iritsi dela azpimarratu: «Estatuarekin bestelako harreman politiko bat eraikitzeko momentua da. Berdintasunean eraikitako harremana eraiki behar dugu. Baina horretarako Euskal Herrian, euskaldunon artean, ados jarri behar dugu».