GARA Euskal Herriko egunkaria

Salhaketak kartzela eredua salatu du Zaballako azken heriotzaren ondoren

Asteartean Zaballako espetxean hilda agertu zen presoaren heriotzaren arrazoia argitzeke dago, autopsiaren emaitzaren zain. Lakuako Gobernuak «heriotza naturala» aipatu zuen, baina Salhaketak adierazi du «zerbait kimikoaren» ondorioa izan litekeela. Presoek kartzeletan bizi duten egoera salatu du berriz ere.

Salhaketak abenduan egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zaballako espetxean gertatutako azken heriotzaren ondoren, presoen eskubideen alde lan egiten duen Salhaketa elkarteak gogor salatu du kartzela barruan bizi den egoera, eta eredu aldaketa eskatu dio Lakuko Gobernuari.

Asteazkenean izan genuen heriotzaren berri, baina, Lakuak jakinarazi zuenez, gorpua astearte goizean aurkitu zuten, goizeko zenbaketa egitera zihoazenean. Protokoloak agintzen duen autopsiaren emaitzak jakin gabe, heriotza «kausa naturalengatik» izan zela iradoki zuen Justizia Sailak. Hala ere, kasu honen inguruan diskrezioa lehenetsi nahi izan zuen, intimitate eskubidea aipatuz.

Salhaketa elkartea kasuaren zuzeneko jarraipena egiten saiatzen ari da, eta NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, hildakoa jatorri euskalduneko 26 urteko gazte bat da. “Hordago” agerkariak zabaldu du hildakoa bigarren graduko erregimenean zegoela.

Bestalde, Salhaketako Ander Abaskal kideak zalantzan jarri du Lakuaren bertsioa, eta adierazi du zurrumurruak daudela «sendagairen batek edo substantzia toxikoren batek» eragin zuela heriotza. Hala ere, autopsiaren emaitzak oraindik ezagutu behar direla nabarmendu du. Horretaz gain, oraindik ez dute aukerarik eduki lagun edo senideekin «elkarrizketa edo informazio truke bat» izateko. «Momentuz ezer gutxi dakigu», onartu du Abaskalek.

LAUGARREN HILDAKOA

Lakuako Gobernuak duela bi urte espetxe arloko eskumena bere gain hartu zuenetik, EAEko kartzeletan jazo den laugarren heriotza da honakoa, hirugarrena Zaballan. Aurreko heriotza ere Arabako espetxean izan zen joan den azaroan. 47 urte zituen preso batek bere burua hil zuen. Osasun mental arazoak zituen eta tratamendua jasotzen ari zen, baina ez zitzaion suizidioen kontrako protokoloa ezarri.

Gainera, zifrak ez direla «guztiz errealak» adierazi du Abaskalek: «Izan ere, jende asko irteten da kartzelatik oso gaixo dagoelako, eta hil egiten da hilabete edo aste batzuen buruan. Kasu horiek ez dira ofizialki kartzelako heriotza gisa zenbatzen, baina argi dago kartzela barruan dauden baldintzek eragiten dituztela».

«Baditugu hainbat informazio eta kontakizun espetxeetan pairatzen diren egoeren inguruan, eta benetan latzak dira. Presoek jasaten dituzten egoerak, mehatxuak eta zapalkuntzak badute haien egoera psikologiko eta fisikoan eragina, eta, beraz, horiek ekidin daitezke», ohartarazi du Abaskalek.

Salhaketak ez du portaera aldaketarik ikusi Lakuak eskumenak hartu zituenetik. «2023ko heriotzen ondoren, bai, ematen zuen ardura bat hartzen ari zela euskal Gobernua, baina momentuz, gaurko egoeran, ez dugu aldaketarik ikusten», baieztatu du.

Salhaketa espetxeen «abolizionista» dela adierazi arren, «bete beharko luketen funtzioa betetzen ez dutelako», Lakuako Gobernuak egungo egoera hobetzeko jardun dezakeela uste du erakunde horrek.

Gaur bilera izango dute eta, iragarri dutenez, mobilizazio batera dei egingo dute.